Irutxuloko Hitzako lan taldeko emakumeak. (Argazkia: Hitza)
IRUTXULOKO HITZA egiten dugun emakumeok erabaki dugu bat egitea Euskal Herriko mugimendu feministak aurtengo martxoaren 8rako deitu duen grebarekin. Zazpi langile gara lan taldean, lau emakumezko eta hiru gizonezko. Egun horretan emakumezko kazetariok goizean greba aktiboa egingo dugu, grebari oihartzuna eman ahal izateko bai webgunean eta baita hurrengo eguneko astekarian ere.
Langileen batzarrak hala erabakita, gizonezko kazetariek (bi) arratsaldeko mobilizazioen berri emango dute
Irutxulo.hitza.eus-en. Horrela, emakumeok Euskal He rriko mugimendu feministak antolatutako ekintza eta manifestazioetan hartuko dugu parte. Kudeatzailea emakumezkoa da eta egun osoko greba egingo du.
Honako arrazoi hauengatik egingo dugu greba:
Prekaritateak beste edozein emakumeri bezalaxe eragiten digulako. Sektoreko baldintzek eta etxeko lanek zailtzen digute bizitzarako eta geure buruarentzako kalitatezko denbora izatea.
Kontziliazioa ezinezkoa delako gure ofizioko lanpostu askotan. Ordutegi aldrebesak, soldata apalak, enplegua eta zaintza bateratzeko zailtasunak… Asko dira haurrak edukitakoan edo norbait zaindu behar dutenean lanbidetik urruntzen diren lankideak, eta horrek ere nahi baino gehiagotan garamatza sexuaren araberako lan banaketara.
Emakume gisa egunero sufritzen eta egunkariko langile gisa egunero ikusten ditugun indarkeria matxista mota guztiak eta LGTBIfobia salatu nahi ditugulako. Ez dugulako izan nahi urtez urte zenbatzen ditugun hilketa matxisten konplize.
Kazetaritza etikoan sinesten dugulako, egunero saiatzen garelako emakumeei protagonismoa ematen, eta komunikabideetan egiten den objektualizazio ororen aurka gaudelako.
Greba hau bat datorrelako IRUTXULOKO HITZAn egiten ari garen barne prozesuarekin eta gure balioekin.
Tokiko hedabide gisa, gure erantzukizun soziala delako deialdi honen berri ematea. Horregatik, gizonezko lankideek ere gure greba babestea erabaki dute, arratsaldeko mobilizazioen berri emateko ardura euren gain hartuz. Haien bidez, ohi bezain zabal eta sakon emango dugu martxoaren 8ko mobilizazioen berri Irutxulo.hitza.eus webgunean, betiere emakumezko langileon greba eskubidea errespetatuz.
IRUTXULOKO HITZA astekaria ostiralero argitara dadin, beharrezkoa da askoren itzalpeko lana. Berria taldeak ematen dizkigu proiektu honen azpiegitura lanak egiteko zerbitzuak, eta hauetan emakumezkoak dira gehienak: harrera, bezero arreta, administrazioa, telemarketina, publizitatea, zuzenketa, diseinua… Egunerokoan ikusezin geratzen diren lan horiei guztiei aitorpena egiteko modu bat ere bada greba hau.
Martxoaren 8an greba egitea erabaki dugu, gure ofizioaren ezaugarrietara hobekien moldatzen den formatuan. Greba hau antolatzeko prozesua bera ariketa aberasgarria izan da guretzat. Ohartu gara langile gehienak emakumezkoak izanik, denok egun osoko lan uztea egingo bagenu, ezinezkoa litzaigukeela grebaren berri ematea, eta beraz, gure izatearekin bat datozen helburuak betetzea. Greba deialdi honen bitartez, emakumezkoek proiektu honetan dugun garrantzia agerian geratu da eta ahalduntzeko bidea eman digu.
Martxoaren 8an, IRUTXULOKO HITZAko emakumeok ere planto!