Eserialdia Donostiako Bulebarrean. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)
Euskal Herriko Mugimendu feministak prentsa oharra bidali du arratsaldean, eta greba feministaren inguruan ideia batzuk azpimarratu dituzte. Ohar osoa hemen:
GREBA FEMINISTAREN ADIERAZPENETAN AZPIMARRATZEKO IDEIAK
Goizean goiz esnatu gara gaur emakumeok* mundua gelditzeko. Gurean, Euskal Herrian, ez da txokorik mobilizatu ez dena. Milaka emakume* gelditu gara gaur, Euskal Herria gelditzen ari gara gaur. Zorionak planto egin dugun emakume* guztioi!
·40 herri baino gehiagotan egin ditugu mobilizazioak. Besteak beste, Donostian, Artzain Ona katedralaren parean 15-20 emakume inguru gerritik gora biluztu dira, Munilla Artzapezpikuaren azken adierazpenei erantzuteko, elizbarrutiaren web gunea ere hackeatu egin dute; Gasteizen, 30 emakumek Gizarte Ongizatearen eraikinean itxialdia egin dute, instituzio honek edigunean merkatuaren ordez, bizitza jar dezan aldarri egiteko; gainerako herri eta auzoetako mobilizazioak ere masiboak izan dira.
Gaur gertatzen ari denaz gain, garrantzitsua da nola heldu garen honaino, eta nola egongo garen M9tik aurrera. Prozesua modu ireki eta deszentralizatu batean egin dugu, aniztasuna oinarri, talde eta norbanako askorekin elkarlanean: belaunaldi, jatorri edota kultura politiko ezberdinetakoak, talde feminista zein eragile sozial edo sindikaletakoak. Horrek gure mugimendu eta egiturak biziberritu ditu. Tantaz tanta uholde berria osatzen ari gara. Hortaz, bihartik aurrera Mugimendu Feminista indartsuagoa edukiko dugu. Horregatik bada ere, garaipena izan da gaurkoa.
Gogoratu behar dugu mundu mailako mobilizazioa izan dela gaurkoa. Euskal Herrian, Katalunian, Galizian, Kurdistanen, Latinoamerikan, Europako hainbat tokietan… mobilizatu gara. Leku bakoitzetik gure kolore eta aldarrikapen propioak jarri ditugu mahaigainean. Baina borroka komun baten parte izateak indar izugarria eman digu. Patriarkatua eta kapitalismoa sistema global batean egituratzen dira. Honen aurrean, gure nazioarteko sareak mugimenduan jarri ditugu, sistemari planto egiteko.
Aurreikusi genuen bezala greba hau ez da greba klasikoa, baizik eta kontzeptu hura gainditzen duen greba dela. Emakumeok* greba egiten ari gara zaintzan, kontsumoan, ikastetxeetan eta lan-arloan. Hutsuneak utzi ditugu egunerokoan egiten ditugu zaintza lanetan eta gaur askok lehendabiziko aldiz pentsatu behar izan dute nola arduratu lan horietaz, zer egin umeekin, gaixoekin, pertsona dependienteekin… emakumerik* ez badago. Galdera berriak sortu dira zaintza eta greba ereduari lotuta. Ezkututa egon diren gatazkak azaleratu egin dira. Proposamen berriak eraiki dira ere: haurtzaindegi edo jantoki komunitarioak e.a.
Zentzu honetan, greba feminista, batetik, emakumeontzat* autokontzientzia ariketa izaten ari da eta, bestetik, praktika kolektiboa eraldatzeko gertaera garrantzitsua. Denok ulertu dugu gaur zaintza lanak ezinbestekoak direla pertsona eta lurra bizirik irauteko. Horiek direla sistema ekonomiko osoaren oinarria. Horien ardura birbanatu behar dela argi geratu da, gizon eta instituzioen erantzunkidetasuna behar dela.
Kontsumoan ere greban gaude eta saltoki handietan ez kontsumitzeko deiarekin bat egiten ari gara, gu ere zer, non eta nola erosten dugun erantzunkizuna dugulako. Beste kontsumo eredua nahi dugulako, pertsona eta naturaren esplotaziorik gabekoa, gertuko ekoizpena, jasangarria eta burujabea. Erakuslehiotik jauzi egin dugu. Emakumeok* ez dugu kontsumo produktu izaterik nahi, ez gara merkantzia, gure bizitzen jabe izan nahi dugu.
Etxeko lanaren eta zaintzaren aitortza sozial, politiko eta ekonomikoa enplegu gisa; lan balditzen aldaketa emakumeok* erabakietan baldintza berean parte hartzea ziurtatzeko, lan mundua bizitzaren beharrei egokitzea eta ez alderantziz.
Ikastetxeetan ere, ikasleak eta irakasleak batera mobilizatu dira. Tokian toki, ikastetxeetan, unibertsitateko kanpusetan ekimen ezberdinak antolatzen ari dira eta arratsaldeko manifestazioan ikasleen aldetik parte hartze oso handia espero dugu. Hezkuntza publiko, laiko eta feminista balio heteropatriarkalik gabekoa aldarrikatzen dugu.
Azkenik, enplegu-arloan, non langile mugimendua zein sindikatuekin ditugun aliantzei esker milaka emakumek* egin dute planto. Soldatapeko lan merkatuaren mundutik, enpleguaren mundutik, greba feministak jarraipen oso zabala izan du. Bakoitzak bere modua topatu du euren ekarpenarekin grebalari feminista izateko eta greba feminista. Bereziki adierazgarria hainbat sektore feminizatuetan egin den ahalegina. Jarraipen bereziki zabala izan du emakumeak nagusi diren sektoreetan: zaintza eremuak, garbikuntza, irakaskuntza… Lan merkatua oihan basati bat da emakumeontzat. Lan prekarietatea emakumeok jasaten dugu bereziki: langabezia, azpi enplegua, aldi baterakotasuna, partzialtasuna, sexu jazarpena, soldata arrakala… Emakumeok* kristalaren sabaila pairatzen jarraitzen dugu eta sektore asko oraindik gizonen eremuak dira non emakumeok ikusezinak gara (metal arloan, findegietan…). Honez gain, lan mundua bizitzaren beharrei egokitzea aldarrikatzen dugu eta ez alderantziz. Gaur emakume askok prekarietateak sortzen dien ziurgabetasunari aurre egin, antolatu eta planto egitea erabaki dute.
Txalogarria benetan!
·Goizean goizetik egin diren ekintzetan arazoak izan dira Euskal Herriko txoko askotan. Gasteizen, Ertzaintzak emakume talde bati identidikazioa eskatu die auzoa apaintzen ari zirela. Taldean, bere burua kazetari gisa identifikatu duenari, mozal legea ezarriko ziotela mehatxu egin diote; beste taldekide bati, polizia jakinarazpena egin diote eta, horretaz gain, emakume hauek salatu dutenez, poliziak paternalismoz eta mespretxuz jokatu du haiekin. Gasteizen bertan, Unibertsitateko ikasle grebalariek jakinarazi dutenez, kirurgia sailburuordeak ikasleak iraindu eta haietako bi makulu batez jo ditu. Edozein errepresio keinu jaso dutenei, mezua m8feminista@gmail.com helbidera bidaltzeko eskatu nahi diegu.
·Hau hasi besterik ez da egin. Bide luzeago baten abiapuntua izan da gaurkoa. Geroz eta gehio gara kapitalismo patriarkaletik deskonektatu eta feminismoaren hautua egiten ari garenok. Bizitza duin eta aske nahi dugulako. Herri, lur eta pertsonen desjabetzearekin amaitu nahi dugulako. Gaur erakutsi dugu feminismoa ez dela erakunde edo enpresen markengatik kapitalizatzen, ez dagoela salgai. M8an ez dela egun folklorikoa. Gaur, eta urteko egun guztietan, borrokatzeko prest gaude. Badakigu emakumeok* ezinbestekoak garela, mundua gelditzeko gai garela. Eta beste jendarte eredu bat eraiki arte mugimenduan jarraituko dugu.
ZORIONAK EMAKUME* LANGILE, DESJABETU, DISIDENTE GUZTIEI. ZORIONAK EMAKUME* BORROKALARI GUZTIEI. ZORIONAK GAUR BLEDURRA GALDU ETA KALEETARA ATERA DIRENEI. LANUZTE EDO GREBA EGIN EZIN DUTENEI BAINA MODU DESBERDINEZ GREBAREKIN BAT EGIN DUTENAK. GAUR DENOK GREBA EGIN DUGU.
EGUN HISTORIKOA IZAN DA. MUGIMENDU FEMINISTAREN BORROKA MOLDEETAN JAUZI BAT EMAN DUGU.
EUSKAL HERRIKO MUGIMENDU FEMINISTA