Greba feministaren Donostiako manifestazioa historikoa izan da
Milaka pertsonek hartu dute parte gaur egun osoan zehar greba feministarekin bat eginez eman diren lanuzte eta mobilizazioetan. Ekimenez beteriko goiz eta eguerdiaren ostean, Ibaeta, Erdialdea, Egia eta Grosetik abiatu diren zutabeek bat egin dute 20:00ak pasata Bulebarrean, martxoaren 8ko hiriko manifestazio nagusirako.
Bertan bildu den jendetza sekulakoa izan da. Kolore moreaz eta hainbat pankartaz lagundurik, milaka pertsonek egin dute topo Bulebarreko kioskoaren inguruan, manifestazioari hasiera eman aurretik. Bloke desberdinetan banaturik Alderdi Ederretik abiatu dira zortziak pasata, batukadaren danbor hotsekin batera. Artzain Onaren Katedralaren parean Donostiako gotzainak feminismoaren aurka egindako adierazpenak salatuz: “Munilla, deabrua zure bila” egin dute oihu manifestariek, besteak beste.
Mobilizazioaren luzerak manifestazioaren aurrea eta atzealdeak Bulebarrean ia topo egitea eragin du. Behin kioskoan, eguneko balorazioa egiteari ekin diote. Beste ezer baino lehen, Erandion gaur eraila agertu den emakumea ekarri nahi izan dute gogora: “Gaurkoa bezalako egun batean ere matxismoak emakumeak kolpatzen jarraitzen ditu”. Soldata arrakala eta emakumeek zaintzan nahiz beste sektoreetan jasaten dituzten lan baldintza prekarioak ere salatu dituzte, iraultza hasi besterik ez dela egin gogoratuz.
Enplegu, zaintza, ikasle eta kontsumo grebaren arrakasta azpimarratu nahi izan dute, gaurkoa “egun historikoa” izan dela adieraziz. Emakumeok* planto egin duten honetan, feminismoak Donostiako kaleak hartu ditu. “Bizitza hobetzea dugu helburua, gu geldituta mugi dadila mundua”, kantatu du Izarne Zelaia bertsolariak ekitaldi bukaeran.