(Argazkia: Donostiako Udala)
Azken bost urteetako delitu kopuruaren joerak onak etena izan zuen 2017an. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 11.863 arau-hauste penal ikertu zituzten, arau-hausteen igoera % 1,67 izanik. Epailearen aurrera eramandako ustezko delitugileen kopuruak ere nabarmen egin zuen gora –% 8,76–.
Iaz ez zen hilketarik izan. Hilketa-saio gisa sailkatutako delituak, aldiz, 4tik 7ra igo ziren. Kode Penalean “ondarearen aurkako” arau-hauste gisa sailkatutakoak delituen % 80 izaten dira normalean. Donostian, arau-hauste mota horrek apur bat gora egin zuen iaz, % 0,4.
“Lesioak” delituen kapituluak behera egin zuen 2017an (% -3,3), baina bilakaera ezberdina izan zen kapitulu horren barruan: gora egin zuten tratu txarrek (% +17,7) eta behera lesioek (% -6,6) eta gainerako arau-hausteek (% -12,5).
Sexu-askatasunaren aurkako delituek gora egin zuten orokorrean (% +27,6), 47 kasuetatik 60ra, alegia. Horien barruan, indarkeria fisikoa erabiliz egindako sexu-erasoek astungarri hori erabili gabe egindakoek baino gutxiago egin zuten gora (% +10,5 eta % +39,2, hurrenez hurren).
Donostiako Udaltzaingoak guztira 81.020 prebentzio-jarduera egin zituen eta herritarrek eskatuta 51.038 esku-hartze eta jarduera horien ondorioz guztira 6.818 atestatu bideratu ziren eta bidali ziren Agintaritza Judizialera. Bestalde, Ertzaintzak orotara 83.236 prebentzio-jarduera egin zituen urte osoan, eta 168.170 ordu eskaini zizkion prebentzio-lanari.
Aurtengo aurreikuspenak
Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren 2018rako helburu estrategikoa oinarritzen da bi kidegoen arteko koordinazioa hobetuko duten prebentzio-plan bateratuetan, eta lan-sistema eraginkorragoa eta herritarrengandik hurbilagokoa, inteligentziak gidatutako oinezko patruilak eta analisi tekniko poliziala sustatuko dira.
Une hauetan, bi ekintza-plan daude abian gaueko aisian eta gune itxietan izaten diren lapurretetan jarduteko. Urtean zehar beste batzuekin osatuko dira.