(Argazkia: I. Esnaola)
Hilabete pasa da Egiako TAO zerbitzu berria abian jarri zenetik. Donostiako Udaleko Mugikortasun sailak lehen ondorioak atera ditu, eta hainbat aldaketa egitea erabaki du. “Egiaren kasuan, behin lehen hilabete honetako aparkatzeko moduak ikusita, TAO komertzialaren zati bat aldatuko dugu, izan ere, uste dugu, jarritako gunea handiegia dela”, adierazi du Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak.
Gune komertzialean epe laburreko aparkatzeko eskaera, egindako ikerketak zioena baino txikiagoa dela ondorioztatu du Mugikortasun sailak. Horiek horrela, TAO komertzialak mantenduko dute Mandasko Dukea, Egia, Karmengo Ama eta Ametzagaina –Iruresoro arte– kaleetan.
Gainerako TAO komertziala kendu egingo dute. Kale horietan sistema mistoa jarriko dute. Auzotarrek egoiliar txartelarekin aparkatu ahal izango dute, eta gainerako erabiltzaileek 90 minutuko aparkaleku mugatua izango dute.
Egiako TAO zerbitzu berriak auzotarren kexak izan zituen, hain zuzen ere, gune komertziala auzoko kale nagusietan ezartzeagatik.