Programaren antolatzaileek aurkezpena egin dute Donostiako Udaletxean.
Hondakinen errausketaren eta kudeaketaren inguruko jardunaldia antolatu dute, martxoaren 20rako, Errausketaren Aurkako Mugimenduak eta hainbat sindikatuk eta lan munduko eragilek, lelo honekin:
Langileok ere erraustegia gelditu! Badago alternatiba. “Urteak daramatzagu salatzen gutxi batzuen negozioa gipuzkoarron osasuna zein ingurumenaren gainetik jartzen ari direla. Jardunaldi hauen bidez, modu berezian, langileon bizi eta lan baldintzak erdigunean kokatuko ditugu, hitza eta erabakia gureak ere badirelako”.
Azaldu dute badirela hondakinen kudeaketarako Zubietan errausketa egitea baino irtenbide osasuntsuagoak, merkeagoak eta ekologikoagoak, gainera, lanpostu gehiago sortzen dituztenak: “Ekonomia zirkularren pausoak jarraituz guztiok jasoko genituzkeela onurak. Birziklatuz, berrerabiliz eta murriztuz, hondakinen kudeaketa iraunkorra da alternatiba. Ingurumena eta pertsonak erdigunean jarriko dituen jendarte eredu berria eraikitzeko, aldaketa soziala eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen ditugu”.
Bat egin duten sindikatuak: EAM, ELA, LAB, CCOO, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU, COBAS, BIOLUR, BASERRI XXI, OLATUKOOP, DONOSTIA BIZIRIK.
Martxoaren 20ko egitaraua:
- Ibaetako campuseko Ignacio Mª Barriola zentroko auditoriumean:
- 9:30 – 10:30. Piort Barczak-en hitzaldia, Europako Ingurumen Bulegoko Hondakinen Arduradun teknikoa: Zibilizazio krisi ekologikoa eta hondakinen arazoa.
- 10:30 – 12:00. Sindikatuen arteko mahai ingurua, hiru bloketan:
- Lan Osasuna eta langileon bizi baldintzak. Errauskailuak langileon lan osasunean dituen ondorioak eta horrek gure bizi baldintzatan duen eragina.
- Enplegua eta ingurumena. Proiektuok zer nolako enplegua sortzen duten aztertu eta ingurumena errespetatzeko eman beharreko urratsak mahai gaineratu (enplegua vs. ingurumena gaindituz). Zaborren kudeaketarako proposamenak.
- Demokrazia – erabakitzeko eskubidea – langileon parte hartzea.
- 12:30. Giza katea Bulebarretik Gipuzkoako Foru Aldundira; ekitaldia eta adierazpenak komunikabideei.
- 18:00. Angula ustelak hitzaldia: Ainhoa Intxaurrandieta, Igor Melchor eta Piort Barczak-en eskutik; “erraustegiaren inguruko negozio eta maniobra zikin ugarien inguruan azalpenak emango dituzte”. San Telmon.
- 19:30. Eguneko bigarren giza katea, San Telmotik Gipuzkoa plazara, Gipuzkoako Foru Aldundi aurrera.