Donostiako Bulebarretik abiatuko da manifestazioa, 12:00etan
Martxoaren 18an kalera atera eta
igande eta jai egunetako aisialdirako eskubidea aldarrikatzeko deia egin dute. Bulebarretik abiatuko da manifestazioa, 12:00etan. Gainera, bezperan, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako merkataritzako zein saltoki handietako langileak beraien lanaldian ezpainak morez margotzera gonbidatu dituzte.
Jaietan Denok Jai plataformak eman du mobilizazioaren berri, eta salatu dute Eusko Jaurlaritzak eta Donostia, Bilbo eta Gasteizeko udalek ordutegi komertzialen liberalizazioaren alde egiten dutela.
“Igande eta jai egunetan aisiaz gozatu eta atsedena hartzeko eskubidearen alde egiten duen merkataritza eredu jasangarria defendatzen dugu. Merkatari elkarte, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak, EKA eta EKE kontsumitzaileen elkarteak eta gure hirietako auzo elkarte ezberdinak, gure herri eta hirietan liberalizatutako merkataritzarik ez dugula nahi aldarrikatzeko, honekin multinazional handiek nahi dutena egiten dutelako”, adierazi du plataformak.
Euren ustez, alderdi batzuek turismoa aitzaki gisa erabiltzen dute, gutxi batzuen (merkatal zentro handitako zuzendaritza eta jabeak) mesedetan jarduten duen eredua sustatzeko: “Gogora dezagun Eusko Jaurlaritzak 20/2012 dekretua onartu zuela, ordutegi komertzialen erabateko desregulazioa ahalbidetzen zuen Turismo Olde Handiko Eremuak ezarriz. Horregatik, Espainiako estatua eta Auzitegi konstituzionalaren jarrerak salatu nahi ditugu, euskal konpetentzien eremua inbaditzeagatik eta Eusko Jaurlaritzarena ere, berauen defentsa irmoa ez egiteagatik. Honen erakusle argia dira Bilboko Turismo Olde Handiko Eremuak ezarri izana eta
Donostiako zonaldeen handitzea, Parte Zaharretik Zurriolako pasealekura pasatu dituztenak”.
Bestalde, kate handiek eta zehazki elikadura sektoreko kateek, azken aldian egindako erasoak aipatu dituzte: “Kate hauek 365 eguneko irekieraren aldeko apustua egiten dute, edo eta jai egun jakin batzuetako irekieraren alde, frankizia edo komenentziazko denda bezalako formatuak baliatuz.
Praktika horren adibidez dira zenbait Carrefour Expressetan, Donostiako Autobus estazioko BM rapiden eta Zurriola pasealekuan ireki nahi duten Supercor-ean, Bilbokoan edo eta Gasteizen irekiko dutenean. Elikagaien dendek asteko ordutegi zabala dute kontsumitzaileek beharrak asetzeko, eta aurrez aipatutako merkaritza-ereduen atzean sektorearen liberalizazioa eta merkataritza txikiaren suntsiketa besterik ez dute ezkutatzen. Kate handi hauek noski, egungo ‘0 irekieran’ arrakala egin eta gainontzeko merkataritzako azpi sektoreei bidea zabaldu nahi diete”.
Erakundeei eskatu diete Turismo Olde Handiko Eremuen legea ontzat ez ematea eta hiri eredu kontsumista eta lehiakorretik urrun, merkataritzako langile klasea eta komertzio txikia erdigunean jarriz arautzea.