Karlos I.aren hiribidea, berrituta. (Argazkia: Antonio Alonso)
Hiriko zarataren mapa estrategikoa eguneratu du Ane Oiarbide Ingurumen zinegotziak; Europako eta Espainiako araudiek baitiote, bost urtez behin eguneratu behar direla. Kontuan hartu dituzte kaleetako eta errepideetako trafikoa, trenen zirkulazioa eta industria jarduera: “2012ko ebaluazioetan erabilitako metodologia berbera erabili dugu, eta, kasu batzuetan, datuak lortzeko modua hobetu dugu”. Datuak oso baikorrak direla dio Oiarbidek, asko hobetu baitira duela bost urteko azterketarekin alderatuz: “Trenbideko trafikoaren kasuan, indizerik altuenak arratsaldez izaten dira; gainontzean, eguneko garairik txarrena gaua izaten da; zarata erreferentzia mailetatik gora jasaten duten biztanleak gehiago izaten dira”. Zarataren mapak eguneratzeko oinarrizko neurriak ekintza plan batean jasoko dituzte, eta espero dute hilabete baino lehenago bukatzea.
Hobekuntzaren arrazoiak hauek direla diote: trafikoa gutxitu da eta zarata arazo handiak hobetu dira Karlos I.aren hiribidean egindako jardueren ondorioz. Urumeako saihesbidea ireki dute. Hiriko sarrera-irteeretako zirkulazioa berrantolatu dute. Ingurumen Sailak zarataren ebaluazioan sustatu duen etengabeko hobekuntza. “Oraindik bada zer egina”, esan du Ingurumen zinegotziak. Adibidez, hirian, batez beste motoz 10 kilometro baino gutxiago egiten direla kontuan hartuta, zarata mailak gutxitzeko moto elektrikoak erabiltzea oso onuragarria litzatekela diote.