
Bulebarreko kioskoan aurkeztu zituzten galdeketarako sinadura bilketa, eta ekaineko giza katea. (Argazkia: Gure Esku Dago)
Giza kate batean Donostia, Bilbo eta Gasteiz batu nahi ditu Gure Esku Dago dinamikak, ekainaren 10ean, erabakitzeko eskubidearen alde. Guztira, 201,9 kilometro izango ditu giza kateak; Donostiatik abiatu, Bilbotik pasa, eta Gasteizen amaituko da, Eusko Legebiltzarraren atarian. Horrela, Herritarron Itunean jasotako erabakitzeko arrazoiak plazaratuko dituzte han (apirilean egingo dute ituna). Giza kateak ez ditu Euskal Herriko herri guztiak zeharkatuko; hortaz, eskualde bakoitzari ibilbidearen puntu zehatz batzuk izendatuko dizkiete. Horren berri eman zuten larunbat iluntzean Bulebarrean egindako aurkezpenean; tartean izan ziren olerkiak, bideoak, baita giza katean izena emateko aukera ere. Ekitaldian hala esan zuen Xabier Artolak: “Biharko egunean, ez dezagun esan: Ni etxean geratu nintzen, nik ez nuen lagundu. Ez zen momentua. Inork ez digu herritarroi galdetuko, herritarrok geure buruari galdetzen ez badiogu. Protagonista izan nahi dugu, protagonista gara”.
Donostiari zortzi kilometro dagozkio ekaineko giza katean, eta auzoka banatuko dituzte:
- Parte Zaharra
- Erdialdea eta Amara
- Antiguo
- Antiguo, Ibaeta eta Igeldo
- Aiete eta Amara Berri
- Añorga, Loiola eta Martutene
- Gros, Ulia eta Bidebieta
- Intxaurrondo, Egia eta Altza
Galdeketarako prestatzen
Gure Esku Dagok abian du, aldi berean, sinadura bilketa, Donostian udazkenean kontsulta bat egiteko. Kontsulta deitzeko behar dituzte 18 urtez gorako 4.500 lagunen sinadurak, baina 7.879ko langa jarri dute. Hortaz, ez badira kopuru horretara iristen, ez dute deituko. Baikor daude, edonola, lortuko dutelakoan: “Nork bere arrazoiak izango ditu galdeketaren egunean erantzun bat edo beste emateko, baina denok batuko gaitu hautetsontziak”.