TAO komertziala kendu dute Egiako hainbat kaletan
Donostiako Udaleko Mugikortasun sailak Egiako TAO zerbitzua berrantolatu du, pasa den astean iragarri bezala. Zehazki, gune komertzialak kendu dituzte Tejeria, San Cristobal eta Karmengo Ama Birjinaren –Iruresoro eta Jai Alai artean– kaleetan.
Aurrerantzean TAO mistoarekin arautuko dira aipaturiko kaleak: tarifa gorria eta aparkatzeko 90 minutuko muga. Era berean, 2-3 egoiliar txartela dutenek bertan aparkatu ahal izango dute eta kanpotik datozenek TAO tiketa jarri behar izango dute.
Behin egokitzapen lanak bukatuta, gaur bertan aldaketak indarrean sartu dira. Horretarako, 15 minutuko errepideko markak ezabatu eta TAO komertziala iragartzeko seinaleak kendu dituzte. Hemendik aurrera, Egiako gune komertziala ondorengoa izango da: Mandasko Dukea, Egia kalea, Ametzagaina kalea (Iruresoro arte), Iruresoro eta Karmengo Ama Birginaren kalea (Iruresoro arte).