
Egian Arrazakeriaren Nazioarteko Egunarekin bat egingo dute. Martxoaren 19rako jarduera berezi bat prestatzen ari dira:
Ahoz aho, zu hizlari. Beti hemen bizi izan diren edo handik eta hemendik etorriak diren eta kontatzeko zerbait duten Egiako bizilagunek hitza hartuko dute jarduera honetan.
Ordu laurdeneko 9 hitzalditxo emango dituzte Plaza Haundin, eta hizlariek euren esperientziak kontatuko dituzte. Migrazio ibilbideak eta han eta hemengo jakituriak hartuko dituzte hizpide. Hitzaldiak 17:00etan hasiko dira, eta 16:40etatik plazan jarrita egongo den panel batean izena eman ahal izango da. Txokolate jana prestatuko dute arratsaldean, eta haurrek lurrean margotzeko aukera izango dute.
Rayesh Dev izango da hitza hartuko duen bizilagunetako bat. Indian zehar ibilaldi bat kontatuko du. Alberto Irazu rockaz eta bertsolaritzaz ariko da eta Jesse Cerrato erditze osteko medikuntza naturalaz.
Jarduera hau Ongi etorri eskolara egitasmoaren ekimenez antolatu dute. Maria Reina eskolak, Aitor Ikastolak eta Latxafa guraso elkarteak bultzatu dute.