Arkaitz 'Punko': "Jerry Williamsen errepertorio aparta ikusteko aukera nabarmenduko nuke"
Bederatzigarren urtez Mojo?Workin’ jaialdiak rhythm & blues eta soul doinuekin jantziko du hiria ostiral eta larunbatean. 2010ean egiten hasi zirenetik asko hazi da jaialdia, musika afroamerikarra oinarri duten Europako jaialdien artean erreferente bihurtzeraino.
Bi eguneko egitarau interesgarria antolatu du Gure Gauza kultur elkarteak. Bertako kidea da Arkaitz Kortabitarte ‘Punko’ eta IRUTXULOKO HITZAk berarekin hitz egiteko aukera izan du. Aurtengo jaialdian ikusi beharrekoen artean Jerry Williams eta La La Brooks aipatu ditu. “Nik Jerry Williamsen errepertorio aparta ikusteko aukera nabarmenduko nuke. Gaur egun, Swamp Dogg goitizenarekin aritzen da zuzenean. 60ko hamarkadako bere kantak interpretatzen ikusteko sekulako aukera da. Bestalde, La La Brooksek The Crystals bere taldeko kanta asko abestuko ditu, denok ezagutzen ditugunak”.
Zuzeneko musikarekin batera jaialdiak DJ saioak eta aurkezpenak izango ditu. Kortabitarte Dr. Punko DJ gisara ariko da musika jartzen: “biniloen maleta 60ko hamarkadako soul, R&B, blues eta reggaez josita izango dut”.
Kontzertuen egitarauari dagokionez, ostiralean, Spencer Wiggings, Lala Brooks eta Los Jambos taldeak ariko dira Gazteszenan, 21:00etan. Larunbatean, berriz, Jerry Williams a.k.a. Swamp Dogg, The Original Vandellas eta Las Kasettes banen txanda izango da, ordu eta leku berean.
Elkarrizketa ostiraleko astekarian irakurri ahal izango da.