Udaleko administrazio langileek euren lanpostuen balioespen duina aldarrikatu dute udaletxe barnean
Asteazkenero bezala, Donostiako Udaleko administrazio langileek protesta egin dute gaur udaletxeko korridore eta aretoetan zehar euren lanpostuen balioespen duin bat aldarrikatzeko. Udalean burutu diren berrantolaketa guztietan bidegabekeriaz tratatuak izan direla uste dute kolektibotik. Izan ere, euren lanpostuen balorazioaren azken berrikusketa 2009an eman zela diote, eta orduz geroztik euren funtzioak “izugarri” aldatu diren arren, langileen lan baldintzek hobekuntzarik izan ez dutela salatzen dute mobilizazioko kideek.
“Gure kezkak udal gobernuari adierazi genizkion, baina alkateak ez zigun egoera aldatzeko inolako asmorik helarazi”, kolektiboko ordezkari baten arabera. “Gauzak horrela, mobilizazioak antolatzen hastea erabaki genuen urrian”. Geroztik udalbatzarretan protesta isilak egiteko biltzen dira eta, asteazkenero, gaurkoa bezalako protesta zaratatsuak egiten dituzte ere udaletxe barnean.
EAEko beste hiriburu eta herrietako udal gehienetako administrazio langileek baina soldata baxuagoak dauzkatela salatzen dute kolektiboko kideek, eta euren taldea emakumez nagusiki osaturik egoteak bizi duten “desoreka eta bazterkeriarekin” zer ikusia duela uste dute ere.