Udaran Saharako umeak jasotzeko "Oporrak bakean" egitasmoak 20 familia behar ditu Donostian
32 urte daramatza Donostiako Udalak udaran zehar EAEko familiek Mendebaldeko Saharako umeak jasotzeko Oporrak bakean egitasmoan parte hartzen. Saharako adingabeek euren kanpamentuetan bizi dituzten bizi baldintza gogorrak arintzeko asmoarekin sortu zen SEADen Lagunen Elkartearen eta Fronte Polisarioaren lankidetzarekin antolaturiko proiektu hau.
Hemen dauden bitartean, “iritsitako neska-mutilek desertuaz bestelako inguruak ezagutu eta mediku azterketak jasotzeko aukera izanten dute”, Dukiñe Agirrezabalaga Berdintasuneko eta Lankidetzako zinegotziak azaldu duenaren arabera. Ekimen honen bidez, udaran 10 eta 12 urteko Saharako 30 ume jasoko ditu hiriak, EAEra guztira 300 neska-mutil etorriko direlarik, uztaila eta abuzturako. Agirrezabalak adierazi duenez, urtez urte gutxituz doa hiriko harrera kopurua. Izan ere, aurtengo udarari begira, momentuz hamar familiak bakarrik eman dute izena proiektuan, jasoko den umeen zenbatekoa asetzeko beste 20 familia behar direlarik.
Zinegotziak hainbat urtetan zehar mantendu den egitasmo honen garrantzia nabarmendu nahi izan du, “Saharar herrialdearekiko elkartasun ikur bat” dela adieraziz. Proiektuan parte hartzera jende gehiago animatzeko helburuarekin familiei zuzendutako hitzaldi informatibo bat eskainiko dute antolatzaileek bihar 18:00etan Udaletxeko Gobernu Batzarraren bilera gelan. Bertan izen emateko asmoa dutenenek webgunearen bitartez edo oporrakbakean@donostia.eus helbidera idatziz jaso dezakete ere informazioa.