
Ceit-IK4eko Alfonso Brazalez, Pilar Arana Mugikortasuneko zinegotzia eta Amaia Jimenez Lumako arduraduna, giltzarrapoa duen bizikleta batekin. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Donostiako Udalaren arabera,
urtero 800 bizikleta lapurreta inguru salatzen dira hirian. Horiek, ordea, arazoaren zati bat besterik ez dira, kasu gehienetan jendea salaketa jartzeaz arduratzen ere ez delako. Lapurreten zenbatekoa jaisteko asmoz, udalak Ceit-IK4 eta Lumarekin batera garatutako giltzarrapo geolokalizatu bat aurkeztu dute gaur goizean.
BizHirik izeneko egitasmo honekin
Bluetooth zein GPS teknologiaz hornituriko 300 giltzarrapo banatuko dira hiritarren artean. Bizikletaren koadroan finkaturik, gailuek bizikletaren atzeko gurpila blokatu dezakete, era berean hiri osoan zehar kokaturiko transmisore sistema bati konektatuta daudelarik. Honela, lapurretaren bat ematekotan, bizikletaren jabeak mugikorreko aplikazio baten bidez ibilgailuaren kokapena jarraitu ahal izango du momentuz momentu.
Horretaz gain, erabiltzaileak bere ibilbide eta erabilera ezaugarri propioak kontsultatu ahal izango ditu bere smartphonean. Bestalde, udalak hiritarren mugikortasun ohituren datuak bildu ahal izango ditu, besteak beste Donostiako bidegorri sistema bizikleta zaleen beharretara hobeto egokitzeko.
Proiektua fase proban jarriko da hiritarrei dohainik eskainiko zaizkien lehenengo 300 giltzarrapo horiekin. Emaitza positibotzat joz gero, sistema berri hau hiritar orori zabaltzeko asmoa dute proiektuaren sortzaileek. Giltzarrapoaren eskaera egiteko
webgune bat jarri dute hiritarren eskura.