Lagunartean ospatuko dute
Lagun liburu dendak 50 urte beteko ditu aurten; Francoren diktadura garaian zabaldu zuten saltokia, eta pentsaera politiko desberdinetakoen erasoak jasan dituzte, mende erdiko historian.
Lagun liburu denda 1968ko abenduan ireki zuten, Konstituzio plazan. Hala ere, irailetik jada lokalaren aurrean liburuak saltzen hasi zirela dio Ignacio Latierrok (Parte Zaharra, 1943): «Uste genuen obrak azkarrago bukatuko zituztela, liburuak erosten hasi ginen jada, eta horregatik salgai jartzen genituen, dendaren atean. Egunero ez genuen egiten, baina tarteka bai». Denda hark bi erakusleiho handi zituela dio Latierrok, eta puxika moduko argi handiak, oraingoaren moduan. Izan ere, egungo denda Urdaneta kalean dago, lekuz aldatu baitzuten, tartean izandako hainbat mehatxuren ondorioz.
Maria Teresa Castellsen (1935-2017) ekimenez ireki zuten Lagun liburu denda: «Irakurle sutsua zen Maria Teresa eta lanbide horixe zuen gogoko. Ni bere familiaren laguna nintzen, eta nirekin kontatu zuen dendarako. Gazteak ginen eta energia handia genuen». Garai hartan Latierrok 25 urte zituen, eta gogoko zuen hartan lan egitea luxu bat zela dio: «Aldaketen garaia izan zen, liburu dendek lagundu nahi zuten kultura demokratikoaren bultzadan, eta hor ginen gu». Horrela bada, liburu denda gehiago bazirela oroitu du: «Internacional liburu denda zegoen, baita Ramos eta Ubiria, eskaintza handikoak garai hartarako». Gogoan du aukera zuela lanera autoz joateko: «Dendaren atean aparkatzen nuen, eta gogoan ditut orduko denda tradizional asko, kakahuete denda zen tradizionalena. Tabernak ere gogoan ditut, Astelehena, Ambrosio… eta gure ondoan antikuario bat zegoen, Arturo, oso kuttuna nuen». Eskaintza zaharra eta berria batera zeudela dio: «Seix Barral zegoen, Alianza Editorialen poltsiko liburuak, nobela hispanoamerikarraren goia izan zen, Garcia Marquez, Vargas Llosa… historiako liburuak ere azaltzen ari ziren. Guk haustura ekarri genuen aurrekoarekin».
Francoren diktadura garaian ireki zuten denda, eta ez da erraza izan ibilbidea, alde bateko zein besteko erasoak jaso baitituzte. «Lehenengo sufritu genuen eskuin muturrekoen erasoa; bonba bat jarri ziguten. Gero, urteetan, ETAren munduaren jazarpena jasan genuen. Gogorrena 1996an izan zen, erakusleihoetako kristalak hautsi eta barrualde guztia pinturaz zikindu ziguten, eta hortik gutxira, liburu pila bat erre zizkiguten. 2000. urtean Jose Ramon Rekalde hiltzen saiatu ziren, Teresaren gizona. Momentu ikaragarriak izan ziren, eta denda lekuz aldatzea erabaki genuen».
Gertaerak gertaera, beti aurrera egitea erabaki dute: «Bokazioagatik jarraitu genuen, liburu saltzaileak izan nahi genuen, eta ez genuen kanpora joan nahi. Gainera, elkartasun handia jaso genuen, jendearen sekulako babesa. Momenturik txarrenetan, benetan ez genekienean zer egin, lagunek eta bezeroek bultzatu gintuzten jarraitzera».
Edonola, urteen poderioz liburu denda aldatu egin dela dio Latierrok: «Saiatzen gara modernitate espiritua mantentzen, irekia eta plurala. Orain oso liburu denda klasikoa da; beti izaten ditugu idazle klasiko ezagunen lanak literaturan, zientzian, politikan, historian…».
Irakurle donostiarra definitzea ez zaio lan erraza iruditzen Latierrori, denetik irakurtzen dela baitio. «Denetariko irakurleak ditugu. Azken garaian, mundu guztian bezala, badago irakurle fidela, baina kontsumo orokorrean digitalak asko egin du aurrera». Edonola, betiko bezeroak badituztela dio Latierrok:?«Bazegoen liburuak maite zituen bezero mota bat, liburu denda askotara joaten zena berritasunak zeintzuk ziren ikustera. Horrelako gutxi geratzen dira orain, gehienak Internet bidez informatzen dira eta ideia zehatzekin etortzen dira erostera». Oraindik ere dendariek pasatzen dute galbahea, zer erakutsi erabakitzeko, baina aurretik jendeak kontrolatua izaten du gehiago edo gutxiago argitaratu dena.
Ikuskizuna, ostegunean
Denis Itxaso Kultura diputatuak deitu zien Lagunekoei esanez omenaldi bat egin nahi zietela, hainbeste urtez denda zabalik izateagatik. Latierrok esan zien 2018an beteko dituztela 50 urte, eta azkenean erabaki zuten martxorako prestatzea ikuskizuna. «Oso pozik gaude, liburu dendan euren liburuak erositako 50 irakurlek parte hartuko dute. Askoz gehiago izan zitezkeen eta jada ez daudenak oroitzeak hunkitu egingo gaitu. Gainera, belaunaldi askotako irakurleak elkartuko dira; irakurle batek, esaterako, lau belaunaldi ordezkatuko ditu». Hurrengo ostegunean izango da Lagunen erosi nuen liburu hura ikuskizuna, 19:30ean, Viktoria Eugenia Antzokian.
Gaur egun, hiru emakumek daramate denda: Elena (Maria Teresaren alaba); Idoia (Ignacioren alaba) eta Bea. Latierrok argi du liburu denden etorkizuna, orokorrean, ez dela batere erraza izango: «Erabat sinistua nago papereko liburuek biziraungo dutela. Kulturalki kontsumoa aldatzen ari da, eta liburu denden arriskua mundu digitalagatik baino gehiago dator salmenta gune handiengandik, edo Internet bidezko erosketengatik. Etorkizuna konplexua izango da».