Merkataritza gune gehiago?
Belartza II Gelditu plataformak lanean jarraitzen du Añorgako lurretan denda handi gehiago ireki ez ditzaten; udalak dio prozesu partehartzailea erabiltzen duela.
Añorgako Belartza II gunea handitu eta enpresa gehiago jartzeko planarekin aurrera darrai udalak. Hain zuzen, Belartza Goikoa deituriko eremuan, merkataritza eremu handi bat eraiki nahi dute. Hori dela eta, bilera ireki bat egin zuten udal ordezkariek, joan den astearte arratsaldean, udaletxean, egitasmoaren zirriborroa aurkezteko. Belartza II Gelditu plataformak, aldi berean, lanean jarraitzen du legea bete dadin, eta auzoa babestea lortzeko. Udaleko eta plataformako lagun banarekin hitz egin dugu, euren ikuspegiaren berri jasotzeko.
Belartza II Gelditu plataformako kidea da Eli Azpillaga, eta aspalditik ari da lanean auzoaren alde: «Duela bi urtetik hona salatzen ari garena baieztatu da: sustatzaile zein Donostiako Udalaren benetako asmoa da merkataritza makropoligonoa ezartzea, 209.000 metro koadro lituzkeena». Udalaren jarrerarekin ez dago batere pozik Azpillaga, eta, bere ustez, partaidetza prozesuak ez dira benetakoak: «Aurreko astean, astelehenean, euren webgunean eman zuten bilera irekiaren berri, baina hor ez da gutako inor sartzen! Eta gero, kartel batzuk jarri zituzten, asteazkenetik aurrera, Añorgako atari gutxi batzuetan. Auzoko dendariak dira kaltetu nagusiak, eta guk deitu behar izan genien banan bana».
Aldaketa «izugarria» izango da Azpillagaren ustez, Garberan baino lau aldiz gehiago eraikitzeko aukera izango baitute: «Talka egingo du hiri guztian eta partaidetza prozesua egin dute ezkutuan». Horretaz gain, Azpillagak salatu du udalak erabili duen hizkera oso teknikoa izan dela, kaleko jendeak ez ulertzeko modukoa; eta, gainera, Eusko Jaurlaritzatik behartzen duten zirkulazio eta ingurumen kalteen azterketarik ez dutela egin. Horrela, dio ez dela nahikoa Errekatxulo gunea egitasmotik kanpo uztea: «Legeak ezarritako proiektuaren berridazpena mozorrotu nahi dute. Errekatxulo kanpoan utzi dute, legez kanpokoa delako gune natural hori erabiltzea».
Azpillagaren esanetan, «merkataritza megaparke bat» egitea da agintarien nahia:?«Ahalik eta azkarren onartu nahi dute, legearen hutsune bat aprobetxatuz. Jokaldia biribila da, udalak hortik ateratzen du aurrekontuetan sartua duen diru kopuru bat, eta sustatzaileek irabaziak izangodituzte. Bileran, esaterako, onartu zuten sustatzaileek legez kanpoko betelanak egin zituztela, eta hori ingurumenaren aurkako jarduera bat da; izugarria da». Izandako bilerarekin oso haserre dago Azpillaga, udalak ez baitzuen ikerketarik aurkeztu: «Ez zituzten datuak eman, ez ziguten esan zein trafiko igoera suposatuko lekueen, adibidez. Nola aurkeztuko ditugu ba iradokizunak? Zein partaidetza prozesu da hau? Eskuz hartu zituzten gure esanak, ezinezkoa da hori ongi betetzea, eta ez zuten grabatu nahi izan».
Plataformakoek diote auzoari kalteak baino ez lizkiokela ekarriko proiektua gauzatzeak: «Kalte nabarmenak ekarriko dizkigu proiektu berriak: zoru naturalaren artifizialtasuna, argiteria kutsadura, mugikortasun masiboa, Unanue landa parkeari kaltea, bertako merkataritza txikiari eta Añorgako herritarren bizi-kalitateari kaltea…».
Alegazioetarako epea
Bileran egon ziren, herritarrei azalpenak emateko, Enrique Ramos Hirigintza zinegotzia, Juan Carlos Cuevas Hirigintza zuzendaria, Ana Epelde arkitektoa eta partaidetzako bi kide. Horrela bada, Ramosek dio bilera bide onetik joan zela, giro onean, iritzi kontrajarriak egon baziren ere proiektuaren inguruan: «Ez dugu beste bilerarik egiteko asmorik, legeak ez baitu eskatzen. Hori bai, gaia landuko dugu Planteamenduaren Aholkularitza Batzordean, eta onarpena emango diogu, hasierakoa, probisionala, eta behin betikoa, eta bakoitzean alegazioak aurkezteko epe bat egongo da».
Ramosek azaldu du planaren moldaketaren barruan sartuak daudela azterketak egitea ingurumenean, auto zirkulazioan, soziolinguistikan… «Merkataritza gune bat izango da, jarduera ekonomiko anitzekin. Eraikitzeko zegoen hasierako asmoa murriztu dugu, 17.000 metro koadro gutxiagotara, eta gunean %30eko lekua hartuko du».