Emakume presoen zigor erantsia salatu dute
‘Emakumeen zigor erantsiari ez’ lelopean, Donostiako autobus geltokia eta Egiako epaitegia lotu dituzte giza kate baten bidez. Espetxe politika matxistaren aurka agertu dira Sare-k prestatu duen mobilizazioan. Salatu dute espetxeak gizonentzat eraikitako guneak direla, eta beraz, logika horren baitan eraikitzen dela espetxearen egunekoa: espazioak, tailerrak, janzteko arauak… Agurtzane Delgado Iriondok eta Ainhoa Mujika Goñik Granadako espetxetik idatzitako gutuna irakurri dute, euren ahotsa mobilizaziora eramateko.
Sare-k azaldu du emakume presoak hiru kartzela motatan sakabanatuak daudela: gizonentzako kartzelen barruan egokitutako modulu txikietan, gizonezkoen makro-kartzelen barruan egokitutako kartzela txikietan edota emakumeentzako kartzeletan (egun, hiru baino ez dira emakumeentzako kartzelak). “Errealitate honek baldintza gogorrei aurre egin beharra dakar, emakume bezala dituzten beharrei erantzuten ez dieten guneak direlako; ginekologorik ez izatea kartzelan, gizonentzako produktuak soilik izatea salgai (tanpoirik, konpresarik… ez), medikuarekiko bisitak izateko zailtasunak… eta guzti hau gutxi balitz, espetxe zuzendaritzetako politikak emakumea berhezitzea dute helburu, genero rolarekin lotutako tailer (josteko, sukaldean, ile-apaindegian aritzeko tailerrak) eta arauak ezarriaz. Emakumearen aurka epaiketa judiziala ez ezik, epaiketa morala egiten da eta kartzelan kondena hori bikoizten da, legez kanpoko ekintzen ondorioz ezarritako zigor judiziala eta emakume izateagatik ezarritako zigor morala”.
IRUTXULOKO HITZAk Oihana Agirre preso ohi donostiarra elkarrizketatu du, espetxean emakume gisan bizitako esperientzia jasotzeko. Euskal presoen eskubideen aldeko manifestazio bat deitzeagatik espetxeratu zuten Egiako bizilaguna 2007an. 2016an atera zen kartzelatik.