(Argazkia: Donostiako Udala)
Altza, Intxaurrondo eta Mirakruz-Bidebieta auzoak barneratzen dituen Ekialdeko barrutia abian jarri du Donostiako Udalak. Aurreikusitakoa baino urtebete beranduago bideratu du Partaidetza sailak. Miguel Angel Diez PSE-EEko zinegotzia izango da barrutiko presidentea eta Martin Ibabe zinegotzi jeltzalea presidenteordea.
Ernesto Gasco alkateordeak, Duñike Agirrezabalaga Partaidetza zinegotziak eta Diezek berak eman dute albistearen berri. Gascok azpimarratu du udal gobernuarentzako eta hiriarentzako erronka garrantzitsua dela. “Ekialdeak auzotarren eskaerak jasoko ditu eta udalak entzun beharko ditu aurrekontuetan txertatzeko”. Agirrezabalagak gaineratu du barrutiek aurrekontu gutxi izan arren gaitasuna dutela udalaren erabakietan eragiteko.
Diez barrutiko auzotarra da eta ardura berria betetzeko prest dagoela azaldu du. “Herritarrengandik ahalik eta gertuen egotea espero dut sortzen diren arazoak konpontzeko. Geratzen den urte eta erdian saiatuko gara barrutiaren beharrei erantzuten dien aurrekontua osatzen”.
Presidente eta presidenteordearekin batera, udal talde bakoitzak ordezkari bana izango du Ekialdeko barrutiaren batzordean. Gainera, auzo elkarteetako zortzi kidek osatuko dute batzordea.