Nigerren alde korrika egingo dute
Uraren Nazioarteko Eguna dela eta, lasterketa solidario bat antolatu du La Asuncion ikastetxeak, Unicefen babesarekin: Tantaz tanta Nigerren alde. Ostegun goizean izango da lasterketa, martxoaren 22an, 10:00etan, Zurriola pasealekuan. Jai moduan antolatu dute eta nahi duen guztiak parte hartzeko aukera izango du. Horrela bada, dortsalak eta pultserak jarriko dituzte salgai.
Helburua izango da dirua lortzea Afrikako Niger errepublikako haurren egoera hobetzeko. Ura lortzeko erraztasunak eman nahi dizkiete, garbiketetarako eta saneamendurako erabili dezaten.”Ikasleen eta irakasleen mobilizazioak benetako aldaketak ekartzen ditu Nigerreko haurren eta nerabeen bizitzetan”, diote Unicefen webgunean. Nigerrerako Tantak kanpaina 2008-2009 ikasturtean jarri zuten abian, eta ordutik adin guztietako ikasleek jakin dute pixka bat gehiago ura eskuragarri izateko eskubideari buruz eta hezkuntza jasotzeko eskubideari buruz.