'Ongi etorri' turismo gida berria hiriko auzoei begira jarri du udalak
Donostiaren “deskonzentrazioa” bultzatzeko Donostia Turismoa & Convention Bureau sozietateak hainbat neurri hartu ditu Donostia Visit-Bizi 2017-2021 turismo planaren bidez. Ongi Etorri gida turistiko berria eta ostatu liburuxka auzorik auzo sailkatu dituzte, eta Interneterako edukiak sortu dituzte. Ernesto Gasco alkateordeak eta Manu Narvaez Donostia Turismoa bulegoko zuzendariak eman dituzte xehetasunak.
Aurten, Ongi Etorri gida turistiko ofiziala berrantolatu dute, auzo guztietako ibilbide eta proposamenak eskaintzeko. Nahitaez bisitatu beharrekoak jasotzen ditu; ekipamendu turistikoak emateaz gain, planak eta ideiak proposatzen dira ohiko tokietatik irten eta hiriko kulturan, historian, gastronomian, arkitekturan, merkataritzan eta bestelakoetan murgiltzeko. Horrez gain, Turista Arduratsuaren Dekalogoa ere erantsi diote gidari.
Eduki berriak sortu dituzte, hiriko auzoak sustatzeko: ibilbide eta mapa interaktiboak, bideoak, 360º-ko argazkiak, auzo bakoitzeko bizilagun blogariek gomendatutako planak eta abar. Hemen bisitatu daiteke. Hiriaren 360º-ko tour birtuala ere dagoeneko sarean bisitatu daiteke.
Bestalde, ostatuen gidak formatu eta egitura berria ditu, eta aurrerantzean auzoka banatuta ageriko dira. Era berean, Made in San Sebastian moda gida sortu dute, eta hiriko jaialdiei buruzko lehendabiziko argitalpen bat ere diseinatu da, urtarokotasunari buelta emateko eta bisitariari plan kulturalak edozein urte-sasoitan eskaintzeko. 2018ko agenda ere eguneratu dute, hilabetez hilabete aisialdi- eta kultura-planik onenak proposatzeko… Berriro ere urtarokotasunari konponbidea emateko estrategia landuta.