Jaime Domingez-Macaya Ogasun zinegotzia. (Argazkia: I. Esnaola)
Donostiako Udalak 2017ko aurrekontuaren likidazioa aurkeztu du, eta emaitza
3,5 milioi euroko superabita izan da. Datua soilik udalaren aurrekontu ekitaldiarena da, eta ez ditu aintzat hartzen udalaren mendeko 15 elkarte eta sozietateak, nahiz eta defizitik ez duten aurreikusten. Jaime Dominguez-Macaya Ogasun zinegotziak aurkeztu ditu likidazioaren datuak.
Diru sarrera arruntei dagokienez, udalak 3,5 milioi euro gehiago jaso ditu, eta horietatik, 1,7 milioi Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergari dagozkio. Gainera, Udalak 1,4 milioi euro gehiago jaso ditu Eraikuntzen gaineko Zergan, izan ere, baimena eskaerak handitu dira. Gainbalioen gaineko Zergatik izandako diru-sarrerak, aldiz, 1,6 milioi euro gutxitu dira. Udalak Finantzatzeko Foru Funtsetik jasotako diruari dagokionez, aurreikusitakoa bete du eta, beraz, Udalak 127,5 milioi euro jaso ditu. Eta diru kopuru hau diru-sarreren %45,5 da.
Aparteko diru-sarreren eta funtsen erreserbaren atalean, aurreikusitakoa baino 16,3 milioi euro gutxiago jaso ditu udalak. Macayak azaldu duenez, lur-sailen salmenta gutxiru delako 15,2 milioi euro gutxiago jaso dituzte. Horrez gain, udalak 20,3 milioi euroko erreserba egin du, eta horrek bermatzen du hornitzaileek fakturak batez beste 33 egunetan kobratu ahal izatea.
Inbertsioen aldetik, aurreikusitakoa baino 8,55 milioi euro gutxiago gastatu ditu udalak, batez ere, lanak kostu txikiagoa izan dutelako edota exekuzioa atzeratu delako. Besteak beste, Txomineko ur parkea, Ezkuzaitzetako Urbanizazioa edo Udaletxeko Turismo Bulegoa. Gainera, 2018ko ekitaldian pendiente zeuden 51,5 milioi euroko inbertsioak sartu dira: diru-kopuru handienak dutenak segidakoak dira: Ezkuzaitzetako urbanizazioa (6,15 milioi), lur-sailen erosketa (4,75 milioi), Altzako kiroldegia (3,12 milioi), ur eta saneamendu sareetan hobekuntzak (2,38 milioi), Espartxoko zubia (2,37 milioi), Aieteko igogailua (1,52 milioi) eta zahar etxeetako obrak (1,42 milioi).
Macayak azpimarratu duenez, udalak arrazoizko zorpetze maila du. Finantza-entitateei itzuli beharreko zorra 107,6 milioi eurokoa da, hau da, 2016ko abenduaren 31ren zifra bera. Eta zifra honek diru-sarrera arrunten %38,42 ordezkatzen du. Gogoratu behar da, Europako Batasunak gai honetan 2020rako ezarri duen muga %70koa dela.