Belartza 2 Gelditu plataformako lagunek agerraldia egin dute udaletxean, Añorgako bizilagunen babesarekin. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Belartza 2 Gelditu plataformak udalari eskatu dio “behingoz” kendu ditzala Mercadona eraikitzeko egin ziren harri pilaketak: “Legez kanpo pilatutako material guztia kentzea nahi dugu eta ingurumen naturala berreskuratzea. Enrique Ramos zinegotziak aukera du erakusteko udalak legea betetzen duela eta Belartza Goikoa egiteko planak geratu behar du”. Agerraldia egin dute plataformako kide Xabier Rubiok eta Eli Azpillagak, Añorgako hainbat bizilagunen babesarekin, haserre eta udalaren jarrera ezin ulerturik.
Hain zuen, 2016ko apirilean hasi zituzten Mercadona egiteko lanak, eta orduan pilatu zuten obrako arduradunek handik ateratako materiala Belartza Goikoa izeneko eremu naturalean. Lan horiek “inolako baimenik gabe” egin zirela salatu zuten plataformakoek, eta 7 metroko altuera eta 4 hektareaako azalera hartu zuen. Salaketek ez zuten eraginik izan prentsaurreko bat eman zuten arte; horrela, bizilagunek agerraldia egin eta bi egunera udalak baimena eman zion eraikuntza enpresari pilaketak egin zitzan, baina epe jakin bat igarotzean kentzekotan. “Denbora pasa da eta materialak hor jarraitzen du, eta udalak 4.000 euroko isuna jarri die. Hala ere, hori ez da okerrena, enpresak onartu baitu dena nahita egin zutela legez kanpo, bizilagunekin joan den astean izandako bileran”. Plataformako lagunek diote euren salaketak epaitegian daudela, baina Ramosek hala erantzun diela: “Sententziek tartatzen dute tardatzen dutena, eta honek aurrera jarraituko du”.
Joan den ostiraleko astekarian, IRUTXULOKO HITZAk gaia sakonean landu zuen,
erreportaje batean.