88.675 etxebizitza daude hirian
Etxebizitza Plan berriaren ildo nagusiak aurkeztu ditu Donostiako Udalak, eta horrekin batera hiriaren etxebizitza erradiografiaren datuak.
Gaur egun, 88.675 etxebizitzek osatzen dute hiriko etxebizitza parkea. Dentsitate handienak Amara Berri, Erdialdea, Gros, Altza eta Antigua auzoetan daude. Hiriko errolda 186.000 biztanlekoa izanik, 2,4 pertsona bizi dira, batez beste, etxebizitza bakoitzean. 3.885 etxe huts daude hiria, udalak dituen datuen arabera.
Etxebizitzen % 30,4an pertsona bakarra bizi da, eta % 29,8an, bi pertsona bizi dira; horrenbestez, etxebizitza parkearen gehiengoan, etxeen % 60,2an, kide bakarreko edo bi kideko bizikidetza unitateak bizi dira. Alokairuari dagokionez, indarrean den etxebizitza erroldaren arabera, etxebizitza guztien % 14 dira alokairuan daudenak.
Eusko Jaurlaritzak 2015ean egindako inkesta baten arabera, 18 eta 44 urte bitarteko 8.414 pertsonak eskatzen zuten etxebizitza bat. Horrez gain, % 7,3ak etxez aldatzeko beharra zuen, eta % 10,7ak, etxea birgaitzeko eta bertan hobekuntzak egiteko beharra. 2017an, 9.600 pertsona zeuden Etxebiden izena emanda etxe eskatzaile gisa –6.863 Donostian erroldatuta zeuden–. Eskatzaile gehienek –% 72,3ek– alokairuko etxea eskatzen zuten, eta gainerakoek azalera-eskubidearen lagapenean nahi zuten etxea.