Sei urtean 4.500 etxebizitza berri egitea aurreikusi du Donostiako Udalak
Etxebizitza Planaren ildo nagusiak aurkeztu ditu Donostiako Udalak. Eneko Goia Donostiako alkateak eta Ernesto Gasco alkateordeak, Enrique Ramos hirigintza zinegotziarekin batera, planaren xehetasunak eman dituzte. Hurrengo sei urteetan hirian zein estrategia eta proiektu garatuko diren zehazten du planak.
2024ra bitarte 4.500 etxebizitza egitea aurreikusi dute: sustapen pribatuko 1.808, Sarrueta, Aintzieta, Esnabide eta Lorategi Hirian, besteak beste; udal-sustapeneko 1.660 zuzkidura apartamentutzat, Amara, Altza eta Parte Zaharrean; eta beste 1.080, Morlans, Altza, Loiolako Erribera eta Txomin Enean.
Planaren helburuak
Zenbait helburu estrategiko zehaztu dituzte planean, herritarren beharrei aurre egoteko. Lehentasuna emango diote eraikita dagoen hiriari, eta hainbat neurri hartuko dituzte, besteak beste, mugikortasun arloan sentiberak diren kolektiboen irisgarritasuna hobetzeko. Birgaitzeko diru laguntza publikoen bidez, etxea zatitzeko aukera errazteko asmoa dute, merkatuan eskaintza zabalagoa eman ahal izateko.
Egungo irizpide arkitektonikoak malgutzeko aukera ere jasotzen du planak, etxebizitzak zatitzeko aukera eman dezaten. Gehiegizkotzat jotzen da 75 metro koadrotik gorako etxebizitza batean pertsona bakarra bizitzea. Aukera horrek hiriko egungo etxebizitza parkearen –88.675 etxebizitzaz osatua– % 17,4 hartzen du.
Jarduera publiko-pribatuak
Alokairuko zuzkidura apartamentuak sustatzea jasotzen du planak, bai adinekoentzat bai gazteentzat. Hala, zenbait jarduketa aurreikusi dira Amaran, Altzako Eraikuntza Institutuan, Manteon, Monsen (Intxaurrondo), Ondarretan eta Orixe ikastolaren eraikin zaharrean (Parte Zaharreko Kanpandegi kalean). Etxebizitza publikoen arloan dituen eskumenak baliatuz, Eusko Jaurlaritzak ere zenbait jarduketa egitea aurreikusi du, Morlans eta Loiolako Erriberako zuzkidura-apartamentuen bidez.
Horrez gain, babes ofizialeko etxebizitzen beste sustapen batzuk jaso dira, alokairukoak batez ere, Illarra bidean (udaletxeak sustatuta), Altzan eta Txomin Enean; bi modalitateak Eusko Jaurlaritzak sustatuta egingo lirateke.
Ekimen pribatuko etxebizitzen sustapenari dagokionez, Esnabide, Sarrueta, Aintzieta, Lorategi Hiria, Jolastokieta, Txingurri, San Luis eta Añorgako garapenak jaso dira; garapen horien baitan, 1.808 etxebizitza egingo dira, guztira, 2022ra bitartean.