Etxebizitza Planak 'gabeziak' dituela adierazi dute EH Bilduk eta Irabazik
Donostiako Udalak aurkeztu duen Etxebizitza Planaren inguruko lehen balorazioa egin dute EH Bilduren eta Irabazi Donostiaren udal taldeek. Kritiko agertu dira “gabeziak” dituela; batez ere, etxebizitza hutsen inguruko neurririk jasotzen ez duelako.
“Zentzugabea da Etxebizitza Plan bat aurkeztea eta Donostian milaka etxebizitza hutsekin dugun arazoari aurre egiteko neurririk ez aurkeztea”, esan du EH Bilduk. Hiri mailako akordioaren bidetik joan ordez, udal gobernuaren apustua “aldebakartasunez” aurkeztea izan dela kritikatu dute. “Legegintzaldia bukatzeko hamalau hilabete falta direnean eta pasa den astean hautagaitzak berretsi ostean, plan honek EAJ eta PSE-EEren koalizioaren hauteskunde programaren kutsua hartu du. Aurkeztutako neurri gehienak indarrean sartzeko denborarik ez dago legegintzaldi honetan”.
Planaren hutsunerik handiena etxebizitza hutsei buruzko neurririk aurkeztu ez izana dela adierazi du EH Bilduk. “Eusko Jaurlaritzaren arabera, 2013an 6086 (6,8%) eta 2015ean 6904 (%7,6) etxebizitza huts zeuden Donostian; gero eta gehiago, alegia. Baina beste elkarte eta eragile sozialen arabera, gure hirian 14.000 bat etxebizitza huts egon daitezke”.
Irabazi Donostiak adierazi du planak “argi-ilunak” dituela. “Gauza baikorrak ditu, baina sakontasunean aztertu beharreko gaiak ditu”, esan du Amaia Martin zinegotziak. Baikorren artean kokatu dute etxebizitza kooperatibak sustatzeko aukera, eta etxebizitza handiak zatitzeko asmoa. Aldiz, etxebizitza hutsen arazoari aurre egiteko “asmo falta” kritikatu du. “Planak ez du neurri bakar bat ere jasotzen arazo horri aurre egiteko”.
Etxebizitzen eraginkortasun energetikoaren inguruko neurririk hartu ez izana kezkagarria dela esan du Loic Alejandro zinegotziak. “Planak ez dio gai horri heltzen, eta zeharo ulertezina da sostengarritasun egitasmo guztiek garrantzitsua dela azpimarratzen dutelako”.
Erlazionatutako edukiaSei urtetan 4.500 etxebizitza berri egitea aurreikusi du Donostiako Udalak