Iñaki Martiarenak egindako ilustrazioetako bat.
Antiguako gaztetxoei lana jarri diete aurten ere, izan ere, abian da Lugaritz-Ikertze Ipuin Lehiaketa. Antiguako ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei zuzendutako lehiaketa da. Ipuinak sortzean datza, ilustratzaile batek egindako marrazkiak oinarri erabilita. Aurten, Iñaki Martiarena Otxotorena arduratu da marrazkiak sortzeaz, eta zuzenean ikus daitezke Lugaritz kultur etxean jarriko duten erakusketan, apirilaren 19a arte.
Lehiaketan parte hartuko duten haur guztiak izan daitezke epaimahaiko kide. Ipuinek gehienez lau orriko luzera izango dute, eta tartean aholkatzen dute marrazkiak txertatzea. Ipuinak bidaltzeko azken eguna apirilaren 17a izango da, eta sari banaketa ekainaren 8an egingo dute, Lugaritz kultur etxean, 17:30ean. Lehiaketaren oinarri guztiak Ikertzeren webgunean topa daitezke.