Behobia-Donostian izango da Kathrine Switzer, Bostongo maratoia korritu zuen lehen emakumea
Azaroaren 11an egingo duten Behobia-Donostia lasterketaren 54. edizioak zenbait berritasun izango dituela igorri dute gaur Fortuna taldeko antolatzaileek. Aurtengo lasterketan “berdintasunaren aldeko borrokaren ikur bat” den Kathrine Switzer idazle eta atleta estatubatuarraren parte hartzearekin kontatuko dutela igorri dute antolatzaileek. Bostongo maratoian ofizialki parte hartu zuen lehen emakumea izateagatik ezaguna da Switzer, 60ko hamarkadan oraindik emakumeek maratoiak korritzea debekatuta zutelako. Lasterketa hartan korrika zebilela jaso zuen erasoaren irudiak mundu osoan dira orain ezagunak.
Emakumeen parte hartzearen azken urteotako gorakadari jarraipena eman nahian, aurtengo lasterketan emakumezkoak korrikalarien %30a izatera heltzeko erronka finkatu dute antolakuntzatik. Nesken partaidetzak igo besterik ez du egin 2005eko ediziotik aurrera, baina iazko lasterketan lortutako %23,89tik ez da inoiz pasa. Behobia-Donostiako antolatzaileen helburua ahalik eta epe motzenean emakumeen parte hartzea gizonezkoen berdina izatera heltzea da, beraien ustez “kirola gazteei balioak irakasteko tresnarik hoberena delako”. Bide horretan jarraitzeko, genero berdintasunean adituak diren pertsonekin egingo dute lan “gauzak nola egiten ditugun aztertu eta gauzak aldatzen lagunduko digun ekintza plan bat garatzeko”, antolatzaileen arabera.
Horretaz gain, aurtengo Behobia-Donostian izena emateko epea zein izango den jakinarazi dute antolatzaileek. Aurreko urteetan bezala, bi fasetan banatuko dute izen ematea. Ohikoak diren korrikalarientzako eta izen emate berezientzako (Dortsal solidarioak, pakete turistikoak, patinatzaileak, Behobia gaztea eta Fortunako kideak) epea apirilaren 4an irekiko da. Gainera, azken bost edizioetatik hirutan parte hartu dutenek bost euroko deskontua izango dute izen ematean, 25 urtez irten direnek doako inskripzioa izango dutelarik. Beste guztiek 45 eurotan eskuratu ahal izango dute euren dortsala, maiatzaren 3an irekiko den izen emate epe orokorrean.
Era berean, aurtengo Lasterketaren azoka azaroaren 9 eta 10ean Irungo FICOBAn egingo dutela jakinarazi dute Fortunako kideek, Anoetako obrak direla eta Donostian azoka non egin topatu ez dutelako.