
Chumy Chumez artista eta umoregile donostiarra hil zela 15 urte bete diren honetan, bere omenezko erakusketa bat jarriko dute ikusgai maiatzaren 5era bitarte, Okendo kultur etxean. Monserrat Fornelis izango da erakusketako komisarioa.
José María González Castrillo zuen izena eta
Chumy Chumez ezizenagatik zen ezaguna. Hainbat aldizkari eta egunkaritan argitaratu zituen umorezko marrazkiei zor die ospea, batez ere, umore beltzekoei. Hala ere, bere ibilbide artistikoan beste hainbat alor landu zituen.
Erakusketa 136 lanek osatzen dute eta hainbat ataletan egituratuta dago. Erdiko panelean, artistaren aipamen biografikoarekin batera, Chumyren erretratuak daude esekita, haren lagunek egindakoak. Arlo grafikoaren atalean, aldizkarietarako (El Hermano Lobo, La Codorniz… ) eta egunkarietarako (ABC, El Sol, Diario 16) bineten marrazki originalek aretoaren lau paretak hartzen dituzte. Horren egitura artistaren ikonografiaren gai ohikoenei eskainitako ataletan dago antolatuta: gizartea, emakumea, politika, heriotza, ekologia, euskaldunak eta beste hainbat gai. Erakusketa zabalik egongo da astelehenetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era (larunbatetan ordutegi bera, baina 20:00ak arte)