Pentsiodunek protesta egin dute udalbatzarrean
Hainbat lagunek protesta egin dute gaur udalbatzarrean, Duintasuna Gipuzkoako jubilatuen eta pentsionisten elkarteak deituta. Hamarnaka lagunek euren aldarrikapenak zeramatzaten kartelak bistaratu dituzte udalbatzarrean pentsioen inguruko mozioak lantzen ari zirela. EH Bilduk aurkeztutako bi mozioen alde bozkatu dute udal talde guztiek, PPk izan ezik.
Bertan landu diren bi mozioak hauek izan dira: lehenengoan, udalak pentsiodunei hirian dauden laguntzez informatzeko eta laguntza horiek eskuragarri jartzeko konpromisoa hartu du; bigarrengoan bat egin dute pentsiodunen borrokarekin eta udalak azaldu du “ahal duen neurrian” prest dagoela eguraldi txarra egiten duenean protestak udalean egitea uzteko.
Duintasuna elkarteko kideak, hala ere, ez dira pozik atera udalbatzarretik. Salatu dute udalbatzarrak ez duela onartu beraiek nahi zuten mozioa eztabaidatzea, eskumen horiek udalarenak ez direla argudiatuta. Beraz, gaineratu dute ezinezkoa izan dela beraien aldarrikapen nagusiez hitz egin eta irtenbideak aurkitzea: “KPIaren araberako pentsioak eta 1.080 euroko pentsio minimoak eskatzen ditugu eta udalean ez da horietako ezeren inguruko neurririk onartu edo eztabaidarik egon”.
Marian Esnaola eta Maria Serrano Duintasuna taldeko kideek azaldu dute “sartu diren moduan” atera direla udaletik. “Despistatuta nahi gaituzte baina guztiarekin jabetzen gara. Orain udalean eskatu dugu baina ez dugu geratzeko asmorik, aldundira eta Eusko Jaurlaritzara ere eramango ditugu gure aldarrikapenak“. Gaineratu dute babes guztia eskertzen dutela baina uste dutela hori ez dela nahikoa.
Pentsiodunen afera landu genuen joan den asteko astekarian.
Pentsio duinen alde borrokan
“65 urtetik gorakoak dira aktiboenak botoa ematen”