(Argazkia: Estitxu Zabala)
Harria parkeko estalkiaren lanak oso aurreratuak daude. Iazko urrian obrak hasi zituzten, baina urtarrilean geratu egin behar izan zituzten, espero ez zuten hodi batekin topo egin zutela eta, hondeaketa lanetan. Hodiak zein erabilera zuen aztertu arte, hiru asteko geldialdia adostu zuen Proiektu eta Lanen sailak. EH Bilduren udal taldeak interpelazio bat erregistratu zuen estalpearen atzerapenaren arrazoiak ezagutzeko, eta udal gobernuari erantzukizunak eskatzeko. Hasieran espero zuten lau hilabetetan bukatzea lana, baina epea luzatu egin da. Guztira, 358.037,27 euroko aurrekontua du. Helburua da inguru horretako aisirako guneak antolatzea eta zabaltzea.
Altzako bizilagunen aspaldiko urteetako eskaera izan da gune estali bat. Aurreko legealdian, parte hartze prozesu baten ondoren, Harria parkean gune bat estaltzea adostu zuten. Gune estalien eskaera handia zela eta, gaia aztertzeko batzorde tekniko bat osatu zuen udal gobernuak legealdi berriaren hasieran. Auzoetako egoera aztertu eta beharren araberako lehentasunak zehazteko. Azkenean, Tokiko Gobernu Batzordeak Altzakoari bidea ireki zion 2016ko uztailean, Hiria Antolatzeko Plan Bereziari hasierako onarpena emanez. Estalkiak 610 metro koadro izatea erabaki zuten, eta 7 metroko garaiera gehienez.