Antzinako ehungailua berreskuratuko du San Telmo Museoak
San Telmo Museoak bere bildumako antzinako ehungailua erakusketa iraunkorrerako berreskuratuko du. Aste honetan hasi dira muntatzen eta astelehenetik aurrera ikusgai izango dela aurreikusten dute. Lanak bisitarien bistara egingo dituzte behin betiko geratuko den lekuan; Tradizioak bizirik dirau atalean, lihoaren lanketa erakusten den espazioan.
Museoak antzinako ehungailua erakusketa iraunkorrean jarri duenez, tailerrak eta erakustaldiak antolatu ditu lan hori gertutik eta lehen pertsonan ezagutzera emateko. Horiek Pazko Astean izango dira, hau da, apirilaren 4tik 8ra.
2007an museoak ateak itxi zituenean, zaharberritzeko eta handitze lanak egiteko, ehungailuaren piezak banan-bana zenbakitu eta 13 pieza-taldetan desmuntatu zituzten Ibone Izagirre eta Manu Izagirre adituek. Orain, ohar horien bidez jatorrizko forma emango diote. Gainera, hari eta oihal berria jarriko dizkiote, eta bere kontserbazio egoerak ahalbidetzen badu, martxan jarriko dute saio batean edo bitan. Denbora honetan Gordailuan egon da gordeta, eta pieza berriz museora ekarri aurretik kontsolidazio lanak egin dizkiote, eta garbitu eta argizaria eman diote, prest uzteko.
Jatorria
Ehungailuak Legorretan du jatorria, Lopez-enea baserrian, eta 1916tik dago San Telmo Museoan. Zehatz-mehatz ehungailua noizkoa den jakin ez arren, ziurtasunez esan daiteke XX. mendeko baino lehenagokoa dela. Lihoa ehuteko prozesu tradizionala luzea eta konplexua izan ohi zen, hazia ereitetik oihala ehungailuan ehutera; hortik dator ehunak ehun lan euskarazko esaera zaharra.