(Argazkia: I. Esnaola)
Anoetako futbol zelaiaren lanak direla eta, Amara Berriko Ernest Lluch kultur etxea urtebeterako itxiko dute. Otsaila bukaeran bilera irekia egin zuten kultur etxean, eta Donostiako Udalak aldaketen kronogramaren berri eman zuen. Horrela,
liburutegia ARCCO merkataritza guneko bigarren solairuan zabalduko dute, martxoaren 27an. KZGunea ere itxita dago, eta apirilaren 9an irekiko dute merkataritza gune bereko lehen solairuan.
Gaztelekua eta Haurtxokoa ere ARCCOn bertan kokatzeko asmoa dago, udaleko iturrien arabera. Izan ere, Gaztelekua apirilaren 30etik irailaren 11ra itxita egongo da, eta Haurtxokoa maiatzaren 14tik irailaren 11ra arte. Aldiz, maiatzaren 14ean ikastaroak ematen diren gelak itxiko dira, eta horiek, beste hainbat lekutan eskainiko dira: Txuri Urdin eraikinean, Antonio Elorza belodromoan eta Karmelo ikastetxean, besteak beste.
Futbol zelaiko obrak bukatzean, Ernest Lluch kultur etxearen zerbitzu guztiak eraikin berean eskainiko dira. Gaur egun, bi gunetan daude banatuta.
Udalbatzarrean eztabaidagai
Aste honetako udalbatzarrean EH Bilduk eskatu zuen udal gobernuak Ernest Lluch kultur etxea eta haren zerbitzuen duintasuna bermatzeko. «Urtarrilean hasi zen udala zerbitzuak eskaintzeko lokalak bilatzen eta martxoan gaude, eta Gaztelekuak eta Haurtxokoak ez dute leku zehatzik oraindik ere», esan zuen Josu Ruiz zinegotziak. Horren aurrean, udaletik egindako lana azpimarratu zuen Jon Insausti Kultura zinegotziak. «Donostia Kulturak egindako lan azkar eta onari esker kultur etxearen zerbitzuak bermatu ahal izango dira».