Maiatzak 1, langileontzat
Hemen bildu gara, Donostiako Ategorrietan, non 1931aren maiatzan, espainiar errepublikaren garaian, Guardia Zibilak zazpi langile pasaitar tiroka erail zituen. Langile hauek beren lan baldintzengatik ari ziren borrokan, maiatzan Kantauriko hainbat portutan greba lehertu zelarik. Maiatzaren 27an bi mila langiletik gora Pasaiatik Donostiara abiatu ziren. Pankartetan bi lelo, “Ogia gure seme-alabentzat” eta “Askatasuna gure kideentzat”. Fernando Sasiain alkate errepublikar donostiarrak Ramon Maria Aldasoro gobernaria presionatu zuen militarrek manifestariak tirokatu zitzaten. Baina soldadutza egiten ari ziren militarrek uko egin zioten tiro egiteari, eta Ategorrietako erloju parean Guardia Zibilak tiroka erasotu zituen, haietako zazpi erailez. Hemen langile horiek eta langile borroka gogora ekarri nahi ditugu.
1886an, Estatu Batuetako Chicago hirian, maiatzaren 1ean hasitako greba masibo baten ondoren 8 langile anarkistaren aurkako epaiketa gertatu zen, haietako 3 espetxe zigorrera kondenatu eta bost langileri heriotza zigorra ezarri zietelarik. Hiru urte beranduago, Bigarren Internazionalak maiatzaren lehena Langileriaren Egun Internazional izendatu zuen, langile horien borrokaren omenez. Ordutik hona maiatzak lehena langile borrokaren aldarrirako eguna izan da, non maila internazionalean langile klasea kalera ateratzen den bere borrokaren defentsan.
2018an, gertakari dramatiko horietatik 132 urtera, gure ingurura begiratu besterik ez dago klase borroka langileriaren behar zaharra izanik ere, ez dagoela inola ere zaharkitua. Lan baldintza prekarioen aurkako borrokak, okupazio mugimendua, emakumearen zapalkuntzaren aurkakoak, pentsioen aldekoak, euskararen biziraupenaren aldekoak, osasun sistemara sarbiderik ez duten etorkin gazteen heriotza poliziaren atzaparretatik ihesean… gaur eta hemen langileria kolpatzen duten klase harreman kapitalistek sortutako zapalkuntza konkretuen aurkako espresioak dira.
Hala ere, azken urte luzeetan maiatzaren lehena teorian langile klasea ordezkatzen duten sindikatu eta alderdi askok egindako folklore ariketa hutsa izan da. Urtean behin bandera gorriari hautsa kentzen diote egun batez astintzeko, gainontzeko egunetan armairuan utzi eta burgesiaren aurrean etengabeko errendizioaren aldeko bandera zuria ateratzeko, desjabetuon zapalkuntza betikotuz. Honekin batera, egin dira saiakerak dinamika horrekin apurtzeko, eta aurten ere horretara gatoz.
Bestalde, lan-baldintzen hobekuntzaren aldeko borrokak, pentsioen igoeraren aldekoak, eta abar, langileriaren berehalako beharrei erantzuten dietela uste dugu, baina baita ez direla nahikoak borroka konkretu guzti horiek ez baditugu gure zapalkuntza orokorraren espresio bezala ulertzen, hau da, klase bezala zapalduta mantentzen gaituen sistema kapitalistaren errora jotzen ez badugu. Lotzen gaituzten kateetatik askatu nahi badugu, ezin tematu etengabe kate hori luzeagoa izan dadin borrokan, nahiz eta ukaezina den kate luzeagoak arnasa hobeto hartzea ahalbidetzen digula. Zentzu horretan, sindikatuak, beren borroka nagusia soldataren hobekuntzaren inguruan kokatzen duten heinean, ez zaizkigu baliagarriak kapitalismoa gainditzeko, botere burgesaren dominazio forma nagusia den soldatapeko lana ez baitute zalantzan jartzen. Berehalako behar horien aldeko borrokak ezinbestean ekarri behar du borroka horiek beharrezko egiten dituen sumisio egoeraren erroko aldaketa, langileriaren emantzipazioa helburu duen programa baten baitan.
Honekin lotuta, behar bat agertzen zaigu langileoi: programa horren definizioa, kapitalismoa gaindituko duen programa hori praktikara eramateko beharra, hain zuzen. Zentzu honetan, uler dezakegu langileria ezin dela bereak ez diren interesen aldeko borroketan murgildu, askotan gertatzen den moduan. Euskal Herrian, eta erdigune kapitalistan, oro har, burgesia txikiaren eta langile aristokraziaren arteko aliantza politiko bat eman da, kapitalismoaren defentsako bloke politiko bat osatu duena. Bere interes politikoa estatuaren edo estatuaren administrazio txikiagoen kudeaketa da, oligarkiarekin lehiatzen delarik hori lortzeko, baina betiere sistema kapitalistaren defentsan. Lehia horretan, askotan langileriari dei egiten dio bere borroka babes dezan, oligarkiaren aurka “herria” batu behar dela esanez.
Horren ondorioa oso larria da langileontzat. Alde batetik, bloke politiko horien aldeko borroka egiteak alde batetik langileriaren autonomia politikoa oztopatzen du, gure klasea beste klase baten interesen aldeko bloke batean fusionatzen delarik. Bestetik, bloke politiko horrek kapitalismoa eta, ondorioz, langileriaren zapalkuntza bermatzen ditu. Horregatik interklasismoa, hau da, interes antagonikoak dituzten klaseen arteko aliantza, arbuiatzen dugu, eta langileok modu autonomoan antolatzeko beharra mahaigaineratzen dugu, gure klasearen interesen aldeko borrokan, komunismoaren aldeko borrokan.
Borroka horrek, ezinbestean, langile boterearen eraikuntza ekarri behar du berekin. Burgesiaren boterea jabetza pribatuan oinarritzen bada, langile boterea jabetza kolektiboan oinarrituko da. Kapitalismoak giza erlazio guztiak, geure burua bera, merkantzia bilakatzen baditu, langile boterea balioaren legetik at eraikiko dugu. Kapitalismoak sustatzen duen indibidualismoaren aurrean, langile boterea elkartasun antolatuan egongo da oinarritua, eta gai izan beharko gara botere honen erreprodukzioa emateko, gero eta eskala handiagoan. Gure borroka klase borroka da.
Maiatzaren lehena langileen heriotzek markatu zuten, eta historia garaileek idazten duten garai hauetan, haien memoria eta borroka ere ekarri nahi ditugu gogora gaurkoan. Bai memoria eta baita urte luzez emandako borroken irakaspen historikoa, gure klasearen borrokaren kate luzeko katebegi bat gehiago garen heinean. Guregan daramatzagu 1848ko iraultzak, 1871ko Parisko komuna, 1886an eraildako langile anarkistak, 1911ko martxoan New Yorkeko Triangle Shirwaist fabrikan erreta eraildako emakume langileak, 1917ko boltxebikeak, 1931an Ategorrietan fusilatutako langileak, 1976an langile asanbladak isilarazi nahian Gasteizen eraildako langileak, 1984ko Pasaiako sarraskian eraildako militanteak eta beste hainbat.
Aldarri hauen defentsan eta klase borroka ardatz, eta langile boterearen eraikuntzarako beharra mahaigaineratzeko, maiatzak 1ean “Langile boterea eraiki” lelopean aterako den blokearekin bat egiteko deia egiten diogu Donostialdeko eta inguruko eskualdeetako langileriari.
GORA LANGILE BORROKA!
M1 LANGILEONTZAT!
LANGILE BOTEREA ERAIKI!