Etxebizitzak bitan banatzea errazteko araudia aldatuko du udalak
Hiriko etxebizitza asko hobetu aprobetxatu daitezkeela uste du Donostiako Etxegintzak eta, horretarako, etxebizitzak bitan banatzeko erraztasunak ematea proposatu du. Izan ere, etxebizitzen %30ean pertsona bakarra bizi da metro koadro askotan. Gainera, metro koadro asko dituzten etxeetan bakarrik bizi diren pertsonen %71 emakumeak dira.
Txosten hau egiteko hiriko 77.000 etxebizitza inguru aztertu ditu Etxegintzak eta ikerketaren arabera Miramoz-Zorroaga zonaldean daude metro koadro gehien dituzten etxeak (batezbeste, 171 metro koadro), txikienak, aldiz, Egian (batezbeste, 77 metro koadro). Hiriko batezbestekoa, berriz 89,92 metro koadrokoa da. Ikerketaren arabera pertsonako 75 metro koadro baino gehiago edukitzea “lekua alperrik galtzea da”.
Etxean bitan zatitzeko aukera
Orain arte hiriko araudiaren arabera guztira 8.000 etxek zuten etxea bitan zatitzeko aukera, orain udalak 21.000 etxebizitza izatea du helburu, horrela arazoari irtenbide bat topatzeko asmoz.
Bestalde, asko dira hutsik dauden etxebizitzak ere, udaleko datuen arabera 3.885 pisu huts inguru daude hirian.