14.600 familia artatu zituzten iaz Gizarte Zerbitzuek
Iaz udaleko Gizarte Zerbitzuek 14.600 familia artatu zituzten, Aitziber San Roman Gizarte Ekintzako zinegotziak azaldu du datua 2016koaren antzekoa dela. Indarkeria matxistari dagokionez, 166 emakume artatu zituzten iaz, 2016an baino 13 gehiago.
Gizarte Larrialdietarako Laguntzen eskaeraren kopuruak behera egin dutela nabarmendu du San Romanek eta gaineratu du aipatzeko dela droga menpekotasunaren alorrean gazteekin egindako prebentzio lana.
Gizarte Ekintzako zinegotziak aurkeztutako 2017ko memorian ageri da 26.428.000 euroko aurrekontua izan dutela, 2016an baino 700.000 euro gehiago. Nabarmentzeko alderdien artean, San Romanek azpimarratu du 2017an zerbitzugune berri bat ireki dela Morlans auzoko Leire plazan. Bestalde, aurtengo jarduerei begira hainbat aldaketa aurreikusi ditu. Iragarri du Egiatarra eta Varona zahar etxeetan lanak egingo direla eta Egia eta Groseko zerbitzugunea lekuz aldatuko dela, Zuaztitik Mandaseko Dukearen pasealekura.