Argazki jendetsua Uliako mintegietan. (Argazkia: Uliako Lore Baratzak)
Udaleko Etxebizitza Planak ez du inolako eraikuntzarik aurreikusten Uliako mintegietan. Beraz, udalak ez ditu bertan eraikiko arreikusten zituen gazteentzako etxebizitzak, hiriko beste lursail batzuk erabiliko ditu horretarako. Erabakia ofizial egin da Etxebizitza Plana aurkeztearekin batera. Uliako Lore Baratzeko kideak “oso berri ona dela diote” eta gaineratu dute oso pozik daudela.
Gazteentzako 70 etxebizitza eraikitzea aurreikusten zuen udalak Uliako XIX. mendeko mintegien gainean, horrek haserre handia eragin zuen hainbat bizilagunengan. Aurreko planak luxuzko 30 etxebizitza egitea aurreikusten zuen.
Etxebizitzak egitearen aurka
Bizilagunak udal gobernuaren erabakiaren berri jakin orduko hasi ziren euren ezinegona adierazten. Etxebizitzak egitea “arduragabekeria hutsa” zela adierazi zuten, eta atzera egiteko eskatu zieten udal ordezkariei. Parkea bertatik bertara ezagutzeko gonbita ere egin zieten eta hainbat zinegotzi parkean izan ziren.
Sinadura bilketa bat ere jarri zuten abian, eta parkea bere horretan mantentzeko 4.000 sinadura baino gehiago bildu zituzten.
Udal gobernuak, ordea, ez zuen atzera egin, eta Plan Orokorraren aldaketa onartu zuten, EAJ eta PSE-EEren botoekin. EH Bilduk eta Irabazi Donostiak kontra bozkatu zuten, eta PPk abstentzioa eman zuen.
Oposizioak gazteentzako apartamentuak hiriko beste eremu batean eraikitzea proposatu zuen, Uliako mintegiak bere osotasunean mantentzeko. Udal gobernuak, ordea, adierazi zuen hirigintza proiektua eta parkea bateragarriak zirela.
Aranzadi Zientzia Elkarteak Uliako mintegien azterketa bat ere egin zuen, eta txosten bat osatu zuen bertan egindako ikerketekin. Ategorrieta-Uliako natur eremu osoaren balio naturala, historikoa, kulturala eta paisaia balioa aztertu zituen, eta hiriko berdeguneen antolaketan izan dezakeen pisua aztertu zuten. Jasotako datu guztiak kontuan izanik, balio garrantzitsu bat aitortzen dio Aranzadi Zientzia elkarteak Uliako berdeguneari:
parke izaera behar duela aitortzen du.
Gainera 2016an mintegiek Eusko Jaurlaritzaren elkarlan saria jaso zuten. 2017an, berriz,
AEko Justizia Auzitegi Nagusiak onartu egin zuen Ategorrieta eta Uliarako aurkeztutako hirigintza planaren birmoldaketaren aurkako helegitea. Auzitegiak zehaztu zuenez, plan hori aldatzeko beharrezkoa zen ingurumen txostenik gabe eraiki nahi ziren etxebizitzak. Hain zuzen ere, epaitegiak arrazoia eman zion puntu horretan, Uliako Lore Baratzak taldeko kideek eta auzo elkarteak jarritako salaketari.
Azkenik, udalak, Uliako mintegietan ordez, gazteentzako etxebizitzak beste lursail batzuetan egitea erabaki du.