Inguru horretan dago aurreikusita Aieteko osasun etxe berria egitea. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Aieteko osasun zentroaren Plan Bereziaren aldaketari behin betiko onarpena eman dio Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak. Horrela, Osakidetza zentroa eraikitzen has daiteke. Eusko Jaurlaritzak 4,5 milioi euroko inbertsioa egingo du osasun etxean.
“Osakidetzak proiektuari egindako aldaketek hobetuko dituzte osasun zentroan emango diren zerbitzuak. Gainera, Plan Bereziaren aldaketa egin den bitartean eraikina egiteko behar diren baimenen tramitazioa aurreratu da”, azaldu du Eneko Goiak. Hain zuzen, urte honetan hasiko dira osasun zentroa egiteko lanekin.
Lur saila erregistratu ondoren, udal gobernuak 2016ko maiatzean onartu zuen Plan Berezia, baina Osakidetzak hainbat aldaketa egiteko beharra ikusi zuen, osasun etxean emango diren zerbitzuak hobetzeko. Planaren aldaketa behin betiko onartuta Aieteko osasun zentroa handiagoa izango da aurreikusitakoa baino.
Osasun etxearen ezaugarriak
Aieteko auzotarrekin adosturiko lur saila Aiete eta Pio Baroja pasealekuen artean dago; zentroaren sarrera nagusia Aiete pasealekutik izango du, eta bestea Pio Barojatik. Osasun mentalerako bi unitate izango ditu. Bat arazo psikiatriko eta hainbat desgaitasun duten haurrentzako Arreta Goiztiarra egiteko, eta beste bat errehabilitazioa egiteko, besteak beste, buruko gaitzak dituzten pertsonekin.
Bi unitate horiekin batera beste zerbitzu batzuk eskainiko dituzte: familia medikuntzako zazpi kontsulta, pediatriako bi kontsulta, eta erizaintzako zortzi kontsulta. Gainera, osasun etxeak sendaketa, odola ateratzeko eta froga osagarriak egiteko gelak izango ditu, eta emakumeari arreta egiteko eremua ere izango du.