Aldarrikapen sozialak izango ditu ardatz Olatu Talkak
Maiatzak 25
20:00.- Irekiera ekitaldia. Aniztasuna izango da ardatz ekitaldian. “Ekitaldiak Saharaz hegoaldeko Afrika izango du oinarri, gurera etortzen diren herritarrak eta hona iristeko dituzten gorabeherak ardatz hartuta”, azaldu dute.
Maiatzak 26
10:00-18:30.- ElkarBIZI jai. Jai horretan mugikortasun arazoak dituztenen, bizikleten, oinezkoen, patinatzaileen eta abarren arteko elkarbizitza landuko da, izan ere, hainbat arazo sortu ohi dira inguru horretan, eta modu positiboan landu nahi dira
17:00 – 21:00.- Munduko Jolasen Topaketak egingo dituzte, Blas de Otero plazan. Bestalde, ‘Indarkeria sexistaren aurkako Matazak’ jarduera egingo dute. “Jarduera 2014an sortu zen bortizkeria sexistaren adierazpide guztiak salatzeko, eta horretarako kanpaina bat abiatu zen: bufanda erraldoia iruteari ekin zioten, kilometro askoko pieza artistikoa osatuz. Zatiak pertsona anonimoek, elkarteek eta funtsean gaiaren inguruan kontzientzia duen edonork egin ditzake eta elkarlanaren emaitza da 4 kilometro baino gehiagoko bufanda”, azaldu dute. Olatu Talkan ere ekarpena egingo zaio proiektu honi.
Maiatzak 27
13:30.- Bortizkeria sexistaren aurkako jarduera, Zuloaga plazan. Horrez gain, gaiarekin lotutako beste jarduera batzuk ere izango dira, esaterako, Maldatxoko puntu kritikoan esku hartze artistiko-urbanistikoa egingo da udaleko Berdintasun sailaren parte hartzearekin.
Maiatzaren 25ean, 26an eta 27an egingo dute aurten Olatu Talka jaialdia eta azaldu dute aldarrikapen sozialak izango dituela ardatz. Inaugurazio ekitaldia maiatzaren 25ean egingo dute, 200:00etan Zuloaga plazan. Hainbat jarduera antolatu dituzte aldarrikapen sozialen inguruan: Aniztasuna, biolentzia sexista eta mugikortasun inklusiboa landuko dituzte.
Jaialdiaren prestaketa bide onetik doala azaldu dute aurkezpen prentsaurrekoan: “Programaziorako proposamenak egiteko deialdian 135 eragilek bidali zuten proposamenen bat eta horietatik 100 ekimen baino gehiago egingo dira; Olatu Talkako Kontxa Gaumarket merkatuan postua jarri ahal izateko deialdian 145 postu jartzeko eskaerak jaso ditugu; eta, kontzertuak eskaintzeko 86 taldek edo bakarlarik eman dute izena”.
Jon Insausti zinegotziak Olatu talka jaialdiaren filosofia izan du hizpide: “Hiria egin leloari eutsiko dio Olatu Talkak, eta aurten hiria batez ere ikuspegi sozialetik eraikitzeko saioa egingo du Jaialdiak. Olatu Talkak hiritarrak ditu protagonista, hiritarrak dira jaialdiaren egileak eta aurten ikusi dugu gai sozialak ardatz hartuta eraikiko dela hiria. Hiria arlo sozialetik eraikitzeko funtsezkoak diren hainbat gai landuko dituzte herritarrek: esaterako, emakumeen kontrako indarkeria; hiriaren aniztasuna; eta baita, mugikortasunaren inguruko hainbat ekimen ere”.