Tentsioak gora egin du azken orduetan herritar eta poliziaren artean. (Argazkia: Franck Dubray, @OuestFrance)
Frantziako Notre Dame des Landes herrian kokaturik dagoen ZAD-eko (
Zone à defendre, babestu beharreko eremua) kideei elkartasuna adierazteko kontzentrazio bat antolatu dute gaur arratsalderako Donostian. Astelehen goizetik, 2.000 jendarmetik gora bertaratu dira bretainiako herri horretara bertako okupatutako lurraldean bizi diren herritarrak kanporatzeko asmoz. Zadistek, aldiz, erresistentzia antolatu dute barrikadak eraikiz, kanporatzea ekiditeko asmoz.
70eko hamarkadatik okupatuta dagoen eremu ekologista eta autogestionatu honetan aireportu bat eraikitzeko proiektua bertan behera utzi behar izan zuen urte hasieran Frantziako gobernuak. Orain, gunean bizi diren 150 pertsonak kanporatzeko saiakera abiatu du Macronen gobernuak. Operazioa abiatu aurretik, poliziak eremu barnean lanean zebiltzan kazetariak kanporatu dituztela salatu dute ere hainbat komunikabidek.
Elkarretaratzea 19:00etan egingo dute, Bulebarrean.