Ekologia sozial eta politikoaren jardunaldiak abiatuko dituzte ostegunean
Campo Creativo Cero elkarteak Ekologia Sozial eta Politikoaren Jardunaldiak antolatu ditu beste urte batez. Ostegunean hasi, hilak 12, eta hilabete osoan zehar hainbat jarduera antolatu dituzte. Loiola eta Okendo kultur etxean, eta Impact Hub gunean izango dira.
Jardunaldien helburua ahaleginak batzea eta presentzi kolektiboa duen gune bat sortzea da ekologia sozial eta politikoaren inguruan oihartzun mediatikoa izango duena. Erakunde eta kolektibo desberdinek egiten duten lanaren ordezkaritza bat sortu nahi dugu, ekologiaren aktibismoaren zabalera, pluralitatea eta aniztasunarena baita hauen diskurtso, proiektu eta akzioena.
Mugarik Gabe elkarteak emango die hasiera jardunaldiei. Ostegun honetan, Bizimodu Jasangarrietarako Eskubidearen Aldeko Herri-Auzitegiaren esperientziaren berri emango dute. 18:30etik 20:45era izango da Loiolako kultur etxean.
Herri-auzitegiak Giza Eskubideen hainbat urraketen ikusezintasunari aurre egiteko eta urraketen inpunitatea agerian uzteko helburua duten jendarte zibileko erakundeen estrategia bat dira. Gizarte-kontzientzia pizten duten erreparazio-ekitaldiak dira, gertatu zena urraketa pairatu zuten pertsonen ahotsetan azaleratuz, eta sarri hauentzako ahalduntzerako-ekintza ere bilakatuz.
Urraketa horien artean daude ondorengoak: lurralderako eta elikadura-burujabetzarako eskubidea; bizi-maila duin baterako eskubidea; energiarako sarbide justu eta jasangarrirako eta energia-burujabetzarako eskubidea; eta zaintzarako eskubidea, zaintza-sistema justu, parekide eta erantzunkideetarako eskubidea.
Egitarau osoa antolatzaileen webgunean kontsultatu daiteke.