(Argazkia: Inaxio Esnaola)
Sei hilabete daramatza udalean Ayem Oskozek (Aiete, 1985). Azken udal hauteskundeetan EH Bilduren zerrendako bederatzigarrena izan zen, eta Axier Jakak utzitako hutsunea betetzea egokitu zitzaion. Udal politikara emandako jauzia “interesgarria” eta “aberasgarria” dela dio, eta oraindik ere ikasten ari dela. Batez ere, EH Bilduren udal taldearen lanik handiena herritarrei begirakoa delako.
Mugikortasun gaietaz arduratzen da, besteak beste. “Mugikortasun erronka handiak ditu hiriak”, dio Oskozek. Aldi berean, udal gobernua alor horretan egiten ari den lana motela dela uste du, eta proiektuak aurrera atera ezinda dabiltzala. “Iztuetako pasabidea, Aieteko bidegorriak edo Morlansko tunela dira horietako batzuk”. Oskozen ustez, mugikortasun sailak ez du proiektu orokor bat hiriarentzako.
Udaleko egunerokoari dagokionez, bada gauza bat bereziki deigarria dena donostiarrarentzat. “Nahiz eta gu udalean egon, askotan proiektuen informazioa lortzeko zailtasunak ditugu. Oposizioan gaude eta udal gobernuak gehiengo absolutua duenez ez du beharrik gurekin hitz egiteko. Egunkarien bidez izaten dugu proiektu askoren berri”, azaldu du Oskozek.
IRUTXULOKO HITZAk Ayem Oskoz elkarrizketatu du, eta ostiraleko astekarian osorik irakurri ahal izango da.