Donostiako Bulebarra.
Udal gobernuak espazio publikoa kontrolatu eta arautu nahi duela esan du EH Bilduren udal taldeak. “Espazio publikoaren erabilera erraztu eta sustatu beharrean, guztiz murriztailea eta zigortzailea den ordenantza bat ezarri nahi dute Are gehiago, ordenatza honek udal gobernu baten funtzioak eta betebeharrak gainditzen ditu”, azpimarratu du Ricardo Burutaran zinegotziak. Horrela, 28 zuzenketa aurkeztu dizkiote ordenantzari.
Espazio Publikoen araudi berriak jarduera ludiko eta sozial ugari debekatuko dituela gaineratu du Burutaranek: “Hemendik aurrera ezingo da kaleko salmentarik egin. Xaboi-burbuilen jokoak ere debekatuko dira. Sasoiko postuei dagokienez, gehiegizko mugatze nahia neurri barregarrietan islatzen da araudian, esaterako, kalean egoten diren txurro-dendetan kotoizko-azukre goxokirik ezingo da saldu. Eta neurri murriztatzaile horiek guztiez gain, edozein jarduera politiko, sindikal, sozial edo kultural Donostiako kaleetan egiteko baldintzak eta eskaerak gogortuko ditu udal gobernuak”.
Zuzenketak
Lau eremutan sailkaturiko 28 zuzenketa aurkeztu dizkio EH Bilduk ordenantza berriari. Askatasun zibil eta politikoen alorrean, Europar Batasunetik kanpoko pertsonei eskatzen zaizkien lan-baimena eta bizileku-baimena aurkezteko beharra ezabatzea proposatzen du udal taldeak, “neurri honek Udaltzaingoak atzerritasun politiketan esku-hartzea ekarriko lukeelako”.
Kalez kaleko salmentari dagokionez, jazarpenik ez dutela onartuko esan dute. Kaleko kultur jardueren arautzeari begira, berriz, baimen eskaera gehiegizkoa dela diote. “Kalean abestea, musika jotzea, mimoak, estatuak, txotxongiloak, antzerkia, malabarak, dantza… kalean egin ahal izateko Udal gobernuaren baimen zehatza behar izatea gehiegizkoa dela uste dugu”.