Bingen Zupiria Kultura sailburua eta Eneko Goia alkatea. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Aurretik EAEko beste hiriburuetako alde zaharrekin gertatu den bezala, Donostiako Parte Zaharra Monumentu Multzo izendatzeko akordioa itxi dute aste honetan Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak. Neurri honen bitartez “auzoaren ondare historiko, urbanistiko eta arkitektonikoa babestea” bilatuko dutela adierazi du Bingen Zupiria Kultura sailburuak, proposamena “Parte Zaharrarentzako beharrezkoa” dela argudiatuz.
Monumentu Multzo izendatzeak auzoari “gehieneko babesa” emango diola esan du Eneko Goia alkateak. Dokumentua Eusko Jaurlaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da datorren asteetan, hiritarrei ondoren alegazioak bidaltzeko epea emango zaielarik. Legebiltzarrak dekretua urte amaiera baino lehen onartu eta martxan jartzea espero dutela adierazi dute udaletik.
Plan berri honek auzoa sei babes-maila desberdinetan banatuko du, eraikin bakoitzaren balio arkitektonikoaren arabera. Eraikuntza gehienek babes maila arrunta izango dutela jakinarazi du Zupiriak, babes berezikoen artean, besteak beste, Santa Maria eta San Bizente elizak, San Telmo Museoa eta Santa Teresa komentua egongo direlarik. Plan honen bitartez babesturiko eremuak Urgull, kaia, eta Parte Zaharreko Kanpaindegi kaletik San Juan kalera bitarteko tartea hartuko ditu bere gain.
Goiak azaldu duenaren arabera, plan berri honek ez du, ordea, eraikin eta etxebizitzen erabileran inolaz ere eragingo, auzoaren itxuraren babesean soilik oinarrituko delako. Auzoko etxebizitzen erabileraren araudia eguneratzeko, udala hiriko plan orokorraren aldaketa bat prestatzen ari dela aurreratu du alkateak.