(Argazkia: Malen Aldalur)
Realak astearte arratsaldean baieztatu zuen Xabi Prieto aurten erretiratuko dela, eta prentsaurreko eman du hurrengo egunean txuri-urdinen kapitainak, Anoetako prentsa aretoa gainezka zegoela: “Klubak aurreratu bezala, esan nahi dut urte amaieran futbola utziko dudala. Urte askotan asko gozatu dut eta oso zoriontsu izan naiz futbolari izaten eta Realaren kamiseta janzten, eta arrazoi asko ditut oso pozik joateko. Eskerrak emateko eguna da”. Horrela bada, Jokin Aperribai presidenteari eskerrak eman dizkio, baita zuzendaritza guztiari, talde teknikoei, eta taldekideei ere. Realzaleak eta bere familia ere gogoan izan ditu, eta hunkituta hitz egin du: “Reala gure zaleturik gabe beste gauza bat izango litzateke. Gure zaleak direnez, onenak dira guretzako, eta eskertu nahiko nuke jasotako maitasun eta errespetu guztia”.
Prietok onartu du iaz zalantzak izan zituela jarraitu edo ez, eta aurten garaia dela erabaki duela: “Zorte ona izan dut entrenatzaile guztiekin minutu asko izan ditudalako, eta hori ez da ohikoa. Erabaki hau hartzea ez da erraza izan, ez dut uzten lesioarengatik edo zerbait zehatzarengatik. Horrela sentitzen dut, beste belaunaldi batzuei utziko diet tokia, eta beste leku batetik lagunduko dut”.
Ez da ohikoa gaur egun futbol jokalari batek bere ibilbide osoa talde berean egitea, baina Prietok esan du beretzat hori zela erosoena: “Leku batean maitatua sentitzen zarenean, ez duzu gehiago behar. Txikitatik nire ametsa ez zen futbolari izatea, nire ametsa Realeko jokalaria izatea zen, eta zorte ona izan dut. Behar nuena baino askoz gehiago izan dut, eta esperientzia mordoa daramatzat”. Hamabost urteko ibilbiden, une txarrenen artean aipatu ditu bigarren mailarako jaitsiera eta Gasteizen lortu gabeko igoera. Txapeldunen Ligan aritzea eta iazko denboraldia une onenen artean gogoratu ditu.
Orain penaltiak nork botako dituen galdetzean, oso jaurtitzaile onak daudela esan du, baina ez da izenik botatzen hausartu.
Ez entrenatzaile, ez presidente
Etorkizunari begira gutxi argitu du kapitainak: “Orain ez nago ongi lesioarengatik, baina zelaian agurtu nahiko nuke. Familiarekin opor batzuk egin nahi ditut, eta egongo da denbora zer egin erabakitzeko”. Hori bai, argi utzi du ez duela bere burua ez entrenatzaile ez presidente postuan ikusten.