Imanol Ubedaren proiektu berria da Don Inorrez.
Don Inorrez izengoitiarekin aurrera egin du Imanol Ubeda musikari tolosarrak. Bide Ertzean taldearekin 2010ean ateratako diskoaren izenburuari egiten dio erreferentzia.
Mugiro Bila lehen diskoa atera berritan, aurkezpen bira abiatzeko gogotsu dago Ubeda. Bigarren geltokia Egiako Dabadaba aretoa izango da, larunbat honetan 21:00etan.
Izenburu batetik abentura berri bat sortu duzu. Zergatik Don Inorrez?
Indarra du eta irakurketa anitzerako eman dezake. Imanol Ubeda zen beste alternatiba. Baina oso arrunta da nire izena eta askoz indibidualagoa ere bai. Don Inorrez askoz eleganteagoa da. Glamour gehiago du eta iradokitzailea ere bada.
Bide Ertzean taldearekin loturak egitea agerikoa da. Halere, desberdintasunak zeintzuk direla uste duzu?
Akaso ez naiz hau erantzuteko pertsonarik egokiena. Dena den, hauxe izan da gure ahalegina: nola edo hala, gure proposamen artistikoa berrasmatzea. Lortu ote dugun edo ez, akaso zaleek edo adituek esan beharko dute. Kantak egiteko molde jakin bat dugu eta horren jakitun gara. Baina soinukeran eta hitzen tonuan, bestelako eremuetara hurbiltzeko saiakera egin dugu.
Mugiro Bila diskoan bildu dituzuen kantuek bestelako pop-rock izaera dute. Akaso ekoizpena da. Distortsioa, reverb efektuak, … Beste soinu bat bilatu duzu bide berri honetarako?
Beste soinukera baten bitartez, beste estetika musikal bat eraiki nahi genuen. Eta horregatik jo genuen Paco Loco ekoizlearen estudiora. Kantak oinarri-oinarrian eraman genituen. Paco Locoren ekarpena, aldiz, aski zabala izan da. Gitarren soinua, efektuen aukeraketa, koroen diseinua, zaraten presentzia… Nahieran aritu da eta gu pozarren. Proposamen batzuk ez zitzaizkigun egokiak iruditu eta horiek alboratu egin genituen. Baina horretarako ere, atzera egiteko, umiltasun handiko tipoa da Loco jauna.
Diskoa Cadizen grabatu zenuen Paco Locorekin 2016 eta 2017an, eta beste zenbait musikari izan zenituen alboan. Zerk bultzatu zintuen bertara joateak?
Ekoizlea izateaz gain, Paco Loco musikaria ere bada. Gitarrak, teklatuak, perkusioa, baxua… Bere ekarpena handia da eta lanerako prestutasun izugarria du. Bere estudioa traste zoragarriez beteta dago gainera. Hori dena baliatu ahal izateko, aukeran, errazagoa zen gu bere etxera joatea, bera hemengo estudio arrotz batera ekartzea baino. Hori izan da Cadiz aldera jotzeko arrazoi nagusia.
Andaluziaren eragina izango da akaso, baina kantuek Los Planetas kutsua dutela esan daiteke?
Izan daiteke, bai. Ez zara hori aipatzen duen lehena. Australian Blonde eta Los Jaguares de la Bahiako gitarrista ere bada. Gitarra jotzeko modu hori oso berea du baina gure kanten girora oso ondo egokitzen dira.
Aurkezpen birako bigarren kontzertua eskainiko duzu Dabadaban. Nolakoa izango da emanaldia?
Itzalean, azken bi urteotan egin dugun lanaren erakusgarri izango da. Orain arte lokalean edo estudioan landu duguna plazaratzeko garaia iritsi da. Eta gogo biziz gaude. Diskoan lortu dugun soinukera horren erakusgarri izango dira emanaldiak. Are gehiago, uste dut kanta batzuk hazi egingo direla oholtza gainean.
Zuzeneko banda zein musikarik osatuko dute?
Ruben Caballero gitarrajolea eta Fernando Neira baxujolearekin batera arituko gara Karlos eta biok. Zorionekoa ni. Beti izan ditut musikari bikainak alboan, eta honakoan ere bai!
Peiremans+ eta Bide Ertzean taldeen kanturik izango da errepertorioan?
Zuzen samar zabiltza. Bi talde horietako baten kanta bat egokitu dugu zuzenekoetarako. Eta galderan aipatu ez dituzun beste bi talderen kanturik ere moldatuko dugu. Ia ba. Zuzenekoetara hurbiltzea izango da onena.