Intxaurrondoko kiroldegiko harrera.
Kirola donostiarren nortasunaren ezaugarri gisa finkatzen ari dela dio Donostia Kirolak. Izan ere, lehen postuari eusten dio herritarren lehentasunen artean, aurkeztu duten 2017ko memoriaren arabera. Baieztapen hori egiteko argudio hauek eman dituzte: kirol praktikaren etengabeko igoera, kirolari donostiarren emaitza oso onak, udal kirol zerbitzuen erabiltzaileen gogobetetzearen hobekuntza, eta zerbitzu horien emaitza onak, kudeaketa eraginkorra, arduratsua eta jasangarriaren bidez.
Hiru urtetik behin egiten dute kirol ohiturei buruzko inkesta, eta 2017koaren arabera,
biztanleriaren %73ak baino gehiagok du kirola egiteko ohitura (gutxienez astean behin). Gainera, praktika emakumeen artean gehiago hazten ari da.
Udaleko kirol zerbitzuei dagokienez, Kirol Txartelaren harpidedunen kopurua zertxobait jaitsi zen 2017an, (guztira 47.837 abonatu zeuden urte bukaeran). Badaude, hala ere, berezko harpidedunak klubek kudeatutako zenbait udal kirol instalazioetan; beraz, guztira,
udal kirol instalazioetan 55.600 harpidedun daude, biztanleriaren ia %30. Horretaz gain, Donostia Kirolak antolatutako
ikastaroetan 35.000 lagun inguruk parte hartu dute. Kirol Ekintzak Kanpainako ikastaroetan ere partaidetza nabarmen igo da, eta 17.000 partaidetik gorakoa da (17.658 partaide). Uda kanpainak jaitsiera izan zuen, eta 15.000 partaide ingurukoa izan zen.
3.000.000 erabilera baino gehiago izan dituzte udal kirol instalazioek 2017an. Paco Yoldi kiroldegiak izan du erabiltzaile kopuru handiena, 500.000 erabilera kopurutik gertu. Zuhaizti eta Bentaberri kiroldegiek ere erabilera handia izan zuten, 394.000 eta 355.000, hurrenez hurren.