Giza Eskubideen Zinemaldiaren egitaraua aurkeztu dute
Petra Volpe zuzendari suitzarraren Die göttliche Ordnung filmak emango dio hasiera 16. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiari, hilaren 20an, Viktoria Eugenia antzokian. Guztira 30 film luze, 23 film labur, 4 erakusketa eta beste hainbat jarduera izango ditu jaialdiak. Programazioaren xehetasun guztiak jaialdiaren webgunean ikus daitezke.
Apirilaren 27an bukatuko da zinemaldia Laurent Cantet zuzendari frantziarraren L’Atelier filmarekin. Bukaera ekitaldian, zinemagileak Giza Eskubideen Zinemaldiaren sari berezia jasoko du bere ibilbidearengatik.
Sarrerei dagokienez, 22 euroko abonu bat eskura daiteke Viktoria Eugeniako saio guztiak ikusteko. Abonuak hilaren 13tik, ostirala, izango dira salgai, Viktoria Eugeniako leihatiletan soilik. Saio bakoitzerako sarrerak, berriz, egunean bertan jarriko dira salgai, 4,50 euroren truke. Victoria Eugeniako leihatiletan ez ezik Internet bidez ere erosi ahal izango dira saioetarako sarrerak.
Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak antolaturiko jaialdiaren helburua ondorengoa da: giza eskubideen defentsaren eta urraketaren hainbat alderdiren inguruko gogoeta, sentsibilizazioa eta eztabaida bultzatzea, eta justiziarekin eta gizarte-berdintasunarekin konprometitutako herritar aktiboak sustatzen laguntzea.