Udaran bi hilabetez saharar haur bat etxean hartu nahi duzu?
Mendebaldeko Saharako errefuxiatu kanpamenduetatik haurrak bi hilabetez ateratzeko helburuarekin sortu zen Oporrak Bakean egitasmoa, Euskadiko Fronte Polizarioaren ordezkaritzaren eskariz. 32 urtez etorri dira hainbat haur Donostiara uztaila eta abuztua pasatzera, eta aurtengoa, azkena izatea nahi dute. Hala azaldu du Eli Eizagirre Oporrak Bakean egitasmoko koordinatzaileak: “Egitasmo hau une jakin bateko behar larriei erantzuteko sortu zen. Sahararrak euren lurraldetik bota zituzten eta gure nahia egoera bere onera itzultzea da”. Bitartean, ahal duten neurrian, errefuxiatuen kanpamenduetan bizi diren haurrei laguntzen jarraitu nahi dute.
Hala ere, Eizagirrek azaldu du gero eta gutxiago direla haurrak hartzeko prest dauden familiak. Aurten Donostian 16 familia behar dituzte, eta oraindik 6 familia falta zaizkie. Izena emateko azken eguna igandea da.
Egitasmoan parte hartu eta uztaila eta abuztuan saharar haur bat etxean hartu nahi duenak izena emateko hainbat aukera daudela azaldu dute: Lankidetza Bulegoan, Aieteko Jauregian (Aiete pasealekua, 65, 1); 943 48 19 83 edo 630 53 34 68 telefonoetara deituta; edo, oporrakbakean@donostia.eus helbidera idatzita.
Gaiaren inguruko erreportaje zabala argitaratuko dugu ostiraleko astekarian.