Autonomia kalean egin dituzte mozketa lanak. (J. M. Lizarralde)
Topo igarobidearen lanetarako hainbat zuhaitz moztu dituzte Autonomia kalean, Morlansi dagokion eremuan. Lan horiek aurrera eramateko mendiaren magalean soiltze lanak egiten ari da Euskal Trenbide Sarea. Topoaren tunela zulatzeko sarbidea egingo dute lehenik, eta aipaturiko eremua egokitzen ari dira.
Zarautz hiribideko eta Pio Baroja kaleko sarbideen lanek aurrera jarraitzen duten bitartean, hirugarren lanketa eremuko prozesua ere abiatu dute. Martxoa hasieran Errondo eta Jose Maria Salaberria kaleen artean dagoen Jose Maria Paternina plaza hesitu zuten topoaren lanetarako. Makinak, lan-tresnak eta langileentzako aldagelak jarriko dituzte bertan. Lanek irauten duten bitartean egongo da itxita, eta bukatzeko epea 2022an jarri dute.
Morlansko sarbidean egingo dituzten zulaketek Easotik datorren egungo tunelarekin bat egingo du, eta bi norabidetan luzatuko dute tunela lur azpitik. Batetik, Kontxaraino eta bestetik Lugaritzeraino.
Lugaritz eta Morlans artean lur azpitik joango da metroa eta hiru geltoki izango ditu: Benta Berri, Kontxa eta Easo. Benta Berriko geltokiak bi sarbide izango ditu, Kontxakoak hiru eta Easokoak bi: lanetan ari diren Autonomia kaletik izango du bat, eta bestea Azpeitia eta Errondo kalea elkartzen diren bidegurutzean.